AKTUALITATEA

| 2019-11-06

Arnaldo Otegi UPNA-Nafarroako Unibertsitate Publikoko gazteekin batzartu da gaur Iruñean, UPNAn bertan. “Inboluzio antidemokratikoa iritsi da eta hemen dago, eta guztioi eragingo digu”, ohartarazi die. Horren isla da, salatu duenez, Pedro Sanchezen azken dekretua, Gobernu espainolari edozein webgune edo zerbitzu digital epaileen agindurik gabe ixteko ahalmena ematen diona, hain zuzen. Horren aurrean, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak igandeko hauteskundeetan “Sanchezen turkiar erako dekretazo horri botoekin erantzuteko aukera baliatzeko” eskatu dio euskal gazteriari. “Igandean Espainiako Estatutik datozen injustiziei erantzuteko aukera duzue, Altsasuko gazteena bezalako injustiziei erantzuteko tresna bezala ulertu behar dira hauteskundeak. Beraz, ez zaitezte etxean geratu, etxean geratzen den boto bakoitza eskuinaren eskuetara joango delako, inboluzio antidemokratikoan sakondu eta gazteen eskubideak eta askatasunak murriztu nahi dituzten horien mesederako izango delako bakarrik”.
Otegik gogora ekarri ditu Estatuaren inboluzioak Mozal Legearen eskutik Euskal Herrian ere izan dituen ondorioak: Armiarma operazioa, @erreharria Alfredo Ramirezen espetxeratzea, Altsasuko astakeria antidemokratikoa, bai eta rapero eta titiriteroen aurkako jazarpena ere. Eta egoerak okerrera egin du, gainera, Sanchezen dekretazoarekin, “aukera gehiago eskainiko dizkielako” inboluzioan sakontzeko. Izan ere, Altsasukoa bezalako epaiek segida izan dezakete eta, horren haritik esan duenez, “gazteek amorrua eta mina sentitu dute, elkartasun sentimendu sakon batekin batera, jakin baitakite, beren gurasoek dakiten bezala, Altsasuko gazteei gertatzen ari zaiena beraiei ere gerta ahal zitzaiela”.
EH Bilduko buruzagiak euskal gazteriaren kezka guztiz ulertu du, “ez duelako etorkizun argirik ikusten, agertzen zaizkion lan eskaintzek baldintza oso prekarioak dituztelako, ez dutelako gurasoen etxea uzteko aukerarik ikusten alokairuak neurrigabeak direlako, ikasten eta prestatzen urteak eman ondoren ganorazko kontratu bat lortzeko atzerrira joan beharko duela konturatzen delako”. Hori guztia hala izanik, igandeko hauteskundeak “zuentzako proposamen eraginkorrik ez duen eta ulertzen ez zaituzten Espainiako Estatuari erantzuteko aukera dira”, azpimarratu die Otegik, eta eskatu die “pentsa dezatela kontuan hartzen dituen eta beraientzat etorkizun hobea marrazten duten –EH Bilduk egiten duen bezala–beste aukera politikoetan”.
Bel Pozueta: “Hautestontziak saminduraz eta errebeldiaz bete”
Bel Pozueta Nafarroako zerrendaburuak ere parte hartu du Arnaldo Otegirekin batera UPNAko ekitaldian eta bertan bildutako gazteei “hautestontziak saminduraz eta errebeldiaz” bete ditzatela botoa EH Bilduri emanda. “Gazteak kalera atera dira askotan beraien errebeldia erakustera, injustizien kontra beraien samindura erakustera, bai eta etorkizun hobea eraikitzeko eskubidea aldarrikatzera ere. Bada, igandean aukera izango dute hautestontziak samindura eta errebeldia horietaz betetzeko. Horregatik, borrokatzeko eta boza emateko animatzen ditut. Etorkizuna dagoeneko eraikitzen ari direlako eta boza ematea beste tresna bat delako horretarako”.