AKTUALITATEA

| 2020-06-29

“Euskal pentsiodunei bizitza duinak bermatzeko EH Bilduren konpromisoa” berretsi du Nerea Kortajarena Gipuzkoako hautagaiak gaur Lazkaon. 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzera konprometitu da, “milaka pentsiodunek jasotzen dituzten miseriazko pentsioak amaitzeko”, eta, euskal pentsio sistema publikoa sortzea helburu, koalizioak Gizarte Segurantzaren kudeaketaren transferentzia atsedenik gabe eskatuko duela ziurtatu du.

Pentsiodunen kezkak eta kexak guztiz justifikaturik daude, Kortajarenaren iritziz, “gurea bezalako herri batek, gure potentziala duen herri batek, ezin dituelako onartu, duintasun eta justizia sozialagatik, milaka pentsiodunek, batez ere emakumeek, kobratzen dituzten miseriazko pentsioak”. Azaldu duenez, “Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 15.000 pentsiodunek osatu behar dute pentsioa Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentarekin, errenta hori jasotzen dutenen %25, eta oso datu adierazgarria: pentsiodun horien bi heren emakumeak dira. Gainera, legeak aitortzen diena baino 300 € gutxiago jasotzen dute, Urkullu eta Mendiak pentsioen osagarria murriztu dietelako”.

“Euskal pentsiodunek pentsio duinak merezi dituzte, ez miseriazko pentsioak”, aldarrikatu du EH Bilduko hautagaiak, eta ziurtatu du “pentsio duinak bermatzeko eskumen eta ahalmen nahikoak ditugula, bai eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko aukera ere, Jaurlaritzak pentsio txikienak osatuta”. Adierazi duenez, “borondate politiko kontua da, ez du balio ustezko eskumen faltan ezkutatzea”. Izan ere, Jaurlaritzak tresnak izan baditu pentsio txikienak osatzeko Gizarte Segurantzaren transferentzia osoa gauzatu bitartean, baina borondatea behar da tresna horiek baliatzeko, “eta EH Bilduk badu”. Zentzu horretan, “euskal herritarrei bizitza duinak bermatzea ekarriko duten tresna burujabe guztiak aldarrikatzen ditu EH Bilduk gure herriarentzat, eta dagokiguna eskatzen jarraitu behar dugu, besteak beste, Gizarte Segurantzaren kudeaketa zuzenaren transferentzia osoa. Atsedenik gabe eskatuko duen gobernu bat behar du herri honek, baina hori lortu bitartean, euskal pentsiodunen benetako arazoei irtenbidea bilatzeko borondatea izango duen gobernua ere behar dugu”.