Albisteak

Lehendakaritzan bihar egingo den bileraren aurrean EH Bilduk izango duen jarrera


EH Bildu | 2020-03-15 13:14:00

Bihar, martxoak 16, astelehenarekin, Lehendakaritzan biltzeko Iñigo Urkullu lehendakariak alderdi politikoetako ordezkariei eginiko deialdia dela eta, EH Bilduk bertan izango duen jarrera plazaratu nahi du:

  • Lehenik eta behin, pandemia horri eta haren ondorio guztiei aurre egiteko elkarlanean aritzeko borondatea eta konpromisoa berretsi nahi ditugu, hasiera-hasieratik adierazi dugun bezala. Lehentasun bakarra COD19aren hedapena gelditzeko neurriak hartzea da.

Halaber, berretsi behar dugu, gure iritziz, OMEk gomendatutako neurri guztiak hartu behar direla, konfinamendua eta gure bizitza sozialaren paralizazioa barne, gaixotasunaren hedapena geldiarazteko berme bakarra baitira. Gure herriari diogun begirunez eta erantzukizunez, uste dugu neurri horien aplikazioa atzeratzeak arazoa larriagotu baino ez du egingo.

 

Ezinbestekoa da gure herriko botere publikoek, erakundeek eta indar politiko, sozial eta sindikalek diziplina sozial kolektibo eta indibidualeko neurriak zehaztea eta definitzea, gure komunitate nazional osoa interpelatzen duen borroka hori irabazteko beharrezkotzat jotzen ditugunak.

 

Horren ildotik, EH Bilduk osasun publikoa eta herritarren eskubideak bermatzeko eta krisialdi honen ondorioei aurre egiteko egokitzat jotzen dituen proposamenak eta ekimenak aurkeztuko ditu bileran.

 

Gure alkatetzak eta gure militanteak botere publikoen esanetara daude unean-unean behar dena egiteko. Hau erronka nazionala da, ez da lehiatzeko garaia, elkarlanean aritzekoa baizik.

 

 

  • Halaber, gure harridura eta gaitzespena adieraziko dugu Espainiako Gobernuko presidenteak atzoko agerraldian iragarritako Ministroen Kontseiluaren erabakia dela eta. Izan ere, alarma egoera erabiliz, 155. artikuluaren aplikazio kamuflatua planteatu eta Osasun, Herrizaingo eta Garraio arloetan aginte bakarra bere gain hartu zuen modu autoritarioan, Gasteizko eta Iruñeko gobernuen eskumen-esparrua urratuta.

 

Hortaz, EH Bilduk bere konpromisoa helaraziko dio lehendakariari autogobernuaren alde eta, beraz, euskal erakundeek eta euskal eragile politiko, sindikal eta sozialek hartzen dituzten erabaki autonomoen eta subiranoen alde.

 

 

  • Hauteskundeei dagokienez, jakina da atzeratzearen alde gaudela, jendearen osasunaren zaintza lehenesteko. Beraz, apirilaren 5eko hauteskundeak atzeratzeko beharra berretsiko dugu. Horrek gure erakunde eta alderdien erabaki arduratsu eta burujabearen ondorio izan behar du.

 

Bozketak pandemia behin betiko gainditu arte atzeratzeak Gasteizko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra gaitzea ekarri behar du gure ustez, hori baita hauteskundeak egin bitartean esparru politikoan hartu beharreko erabaki guztiak abalatu behar dituen organoa. Legegintza-jarduera paralizaturik, Diputazio Iraunkorra tresna demokratikoa bilakatu behar da jarduneko gobernua kontrolatzeko eta harekin lankidetzan aritzeko.

 

  • Zalantzarik gabe, ezohiko egoera bat kudeatzeko aparteko tresnak behar dira. Hori dela eta, alderdi, sindikatu eta enpresarioak barne hartuko dituen Mahai bat eratu beharra azpimarratzen jarraitzen dugu, osasun arloko arazoari eta haren ondorio sozial (kontziliazioa eta zaintza-sistema) eta ekonomikoei aurre egiteko behar diren neurri guztiak adosteko. EH Bilduren ustez, krisiaren ondorioak ezin dira berriz langileen, emakumeen, enpresa txikien, erretiratuen eta abarren bizkar geratu.

Une zailak bizi ditugu, zalantzarik gabe, baina gure herria ematen ari den erantzunak eta erakusten ari den erantzukizunak bidea markatzen digu. Euskal Herria harro sentitzen da bere jendeaz, bere langile publikoez eta bere espiritu komunitarioaz. Gure komunitate nazionalak COD19tik eratorritako arazo guztiak gaindituko ditu berriro ere.