Albisteak

Larunbatean Bilboko kaleak betetzeko deia egin diete EH Bilduk eta EH Baik bakearekin konprometituak dauden euskal herritarrei

EH Bildu | 2019-09-12 11:15:00

11/13 makrosumarioaren barruan, 47 euskal herritar epaituko dituzte, hurrengo astelehenetik aurrera, Madrilgo Audientzia Nazionalean. 601 urteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte beraien aurka. Azken asteetan makina bat izan dira epaituko dituzten pertsona horiek jaso dituzten babes eta elkartasun keinuak, baina larunbat honetan Bilboko kaleetan egingo den manifestazioan elkartasun keinu erraldoia egiteko aukera izango du euskal jendarteak.

EH Bilduk eta EH Baik larunbateko mobilizazioan parte hartzeko deia egiten dio euskal herritar orori eta, modu berezian, gure herrian bake integrala eraikitzearekin konprometituak daudenei. Oraindik ere bidea egiteko dago gure herrian atzera bueltarik gabeko bake integrala eraikitzeko, eta epaiketa hau eta eskatzen diren zigor eskaera neurrigabe eta zentzugabeek ez diote inolako ekarpenik egiten euskal jendartearen gehiengoak bakearen eraikuntzaren norabidean egin nahi duen bideari; are gehiago, oztopo baino ez dira.

Epaiketa honen ingruan dagoen guztiaren zentzugabekeria azpimarratu nahi dute EH Bilduk eta EH Baik. Garaiz eta lekuz kanpo dagoen epaiketa da, ulertezina gaur egungo Euskal Herrian. Horri erantsi behar zaio epaituak izango diren pertsonak bakearen eraikuntzari ekarpena egiteagatik izango direla epaituak. Izan ere, gure herrian bake integrala erdiesteko urrats ezinbestekoetako bat da espetxeak hustea. Bake integralaren eraikuntzari ekarpena egiteagatik, presoen eskubideak eta beren etxean izan behar direla aldarrikatzeagatik eta horren alde lan egiteagatik izango dira epaituak 47 euskal herritar. Euskal gizartearen gehiengo handi batek ulertzen ez duen zerbait.

Bakearen eraikuntzan aurrera egiteko, Espainiako Estatuaren jarrera zentzugabea salatzeko eta herri demokratikoaren eraikuntzari ekarpena egiteko, larunbatean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diete EH Bilduk eta eta EH Baik euskal herritarrei.