Albisteak

Kongresuko kontrol saioak berrezartzeko eskatu du EH Bilduk, COVID-19ari buruzko erabakiak partekatu eta eztabaidatzeko


EH Bilduren arabera, alarma egoerak irauten duen bitartean, Kongresuko kontrol saioak bi astero egin beharko lirateke Pedro Sanchez presidenteari zuzendutako ahozko galderen bitartez

EH Bildu | 2020-04-07 11:24:00

Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak Kongresuko Mahaiari eskatu dio berrezarri ditzala Espainiako Gobernuari eta bere ekintzei kontrol eraginkorra eta demokratikoa egiteko mekanismoak. Horretarako, azken asteotako plenoetan erabilitako formatu murriztua (diputatu kopuru jakin baten presentziarekin soilik) mantentzea proposatu du ezkerreko indar subiranistak, egungo salbuespen egoerara egokitzeko. EH Bilduren arabera, alarma egoerak irauten duen bitartean, Kongresuko kontrol saioak bi astero egin beharko lirateke Pedro Sanchez presidenteari zuzendutako ahozko galderen bitartez. Kontrol saio horiek pleno eta batzordeen egun berean deitzea proposatu du EH Bilduk, arriskuak saihesteko eta talde parlamentarioetako ordezkariek astean desplazamendu bat baino gehiago egin ez dezaten.

EH Bilduk uste du, Kongresuko jarduera mugatua dagoen arren, ezin daitekeela eten Espainiako Gobernuari gutxieneko kontrol demokratikoa egiteko aukera. «Botere legegilea ez da eten. Kongresuko jarduerak martxan jarraitzen duela eta diputatuen eskubide eta betebeharrak eten ez direla aintzat hartuta, uste dugu ezin daitekeela eta ezin dela bertan behera geratu kontrol parlamentarioa, Gobernuari kontrapisua egiteko ezinbesteko mekanismo bat delako», zehaztu dute.

EH Bilduk gogorarazi du alarma egoera indarrean egonda ere, «Kongresuko 162. artikuluak eta Espainiako Konstituzioko 116. artikuluak» ez dutela bertan behera uzten Gobernuari egin beharreko kontrol parlamentarioa: «Ez batak ez besteak».

 Ministroen agerraldiak

Era berean, COVID-19aren Kongresuko jarraipen batzordean talde parlamentarioek eskatutako ministroen agerraldiak ahalbidetzea galdegin du EH Bilduk, ministerio ezberdinek krisialdiaren kudeaketari buruz eta hartutako neurriei buruz azalpenak eman ditzaten diputatuen aurrean.

Ezkerreko indar subiranistak premiazkotzat jo du bi astetik behin Sanchez presidenteari egin beharreko kontrol saioen eta Gobernuaren errege dekretuak onartzeko plenoen izaera bereiztea. «Garrantzitsua iruditzen zaigu kontrol saioak eta plenoak ezberdintzea, foku nagusia herritarrei zuzenean eragiten dieten neurri sozial eta ekonomikoetan jartzeko, ez hainbeste alderdien arteko kritika politikoetan», azaldu dute.