Albisteak

Izagirrek EH Bildu bozkatzeko eskatu die dagoenarekin konformatu ez eta Gipuzkoan hobetzeko asko dagoela uste dutenei


Ahaldungai nagusiak konpromisoa hartu du Tolosan lan prekarietatea pairatzen dutenekin, aukerak ukatzen zaizkien gazteekin, diskriminazioaren biktima diren emakumeekin, jatorria edo sexua dela eta baztertuta geratzen direnekin.

EH Bildu | 2019-05-21 20:52:00

Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldungai nagusiak EH Bildu bozkatzeko deia egin die gaur arratsaldean Tolosan “dagoenarekin konforme ez eta Gipuzkoan zer hobetua badagoela pentsatzen duten herritar guztiei”. Pertsona horiekin guztiekin hartu du konpromisoa Izagirrek, orain arteko politika publikoak eraldatzeko. “Bizitza osoa inongo errekonozimendurik gabe zuen senitarteko bat zaintzen igaro duzuenok, bozkatu EH Bildu; bigarren mailako gipuzkoar sentitzen zaretenok, bozkatu EH Bildu; hilabete osoa lanean pasa eta hala eta guztiz ere hilabete amaierara iristen ez zareten guztiok, bozkatu EH Bildu; atzerrira joan behar duzuen gazteok, instituzioek ez dizuetelako ezer eskaintzen hemen, ez lanik, ez etxebizitzarik, bozkatu EH Bildu; normaltasun guztiarekin, berdintasunean, bizi ezin zareten emakumeok, izututa askotan, jakinda etorkizunak ez dizkizuela aukera berdinak eskainiko emakumea izateagatik, bozkatu EH Bildu; zuen jatorri edo orientazio sexualagatik marjinatuak sentitzen zaretenok, bozkatu EH Bildu”.

Andu Martinez de Rituerto: “Tolosaldeak ospitale publikoa behar du”

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkategaiak osasun eredu berri baten aldeko apustu egin eta EH Bilduk norabide horretan egin duen proposamena azpimarratu du, Tolosaldeak gainerako eskualdeek duten osasun zerbitzuak jaso ditzan. “Horretarako ezinbestekoa da ospitale publikoa egitea eta herritarren, eragileen eta erakundeen artean zer eta nolakoa izan behar duen definitzea”. Martinez de Rituertok EH Bilduren Tolosako hautagaitza goraipatu du, "ilusioa, prestakuntza eta gaitasuna” uztartzen dituelako eta, batez ere, “Tolosa hobeago eta justuagoa egiteko gogo ikaragarria” duelako eta “Tolosaren aniztasunaren ispilu” delako.

Maddalen Iriarte: “Herria bera da EH Bilduren benetako altxorra”

Maddalen Iriartek ere parte hartu du Tolosako mitinean eta euskal herritarren konpromiso militantea goraipatu du bertan, “herrian dagoelako EH Bilduren benetako altxorra”, kalean zein instituzioen lanean “Denon Herria eraikitzen, eta askotan gure siglak bigarren mailan utzita, Nafarroan bezala, aldaketa erdiesteko, bai eta Gasteizen ere, duela lau urte Maroto PPkoa alkatetzatik ateratzeko”.

EH Bilduk bezala proposamen politikoak arduraz aurkeztu beharrean, beste batzuek, aldiz, gezurrak eta irainak erabili dituzte etengabe kanpainan zehar, eta horri ere erreparatu dio Gasteizko Legebiltzarreko bozeramaileak. “Batzuek marra gorri guztiak gainditu dituzte, eta hori etsigarria izan da benetan. Konfrontazio ideologikoa aberasgarria izaten da beti, baina lau botoren truke manipulatzea eta gezurretan aritzea ez zait interesatzen. Etsipen handia hartu dut batzuek horrela jokatzen dutela ikusita”.

Horren aurrean, Iriartek etorkizunera begiratzera dei egin die herritarrei. “Etorkizuna –esan du– herritarrak errespetatzea da, herritik, herritarrekin eta herritarrentzat lan egitea, betiere herriaren interesak beste edozeren gainetik jarrita; etorkizuna askatasunaren aldeko bidean sakontzea da, eta ez besoak gurutzatuta Madrildik zer etorriko den zain gelditzea”. Bozeramaileak iraganean kokatu ditu, ordea, EAJ eta PSE. “Bi zerrenda ezberdinetan joan arren, EAJ eta PSE elkarrekin doaz hauteskunde hauetan; berdin dio EAJ edo PSE bozkatzea. PSE, bai, bera da EAJren bazkidea, agintean zegoena Gorka Lupiañez torturatu zutenean eta Kataluniako Parlamentua desegin eta hango Gobernua kartzelara edo erbestera bidaltzea ondo ikusi zuena”.