AKTUALITATEA

| 2020-07-01

Maddalen Iriartek herritarrei emandako hitzaren eta haiekiko hartutako konpromisoen balioa aldarrikatu ditu gaur arratsaldean Tolosan, “gobernatzeko hitza izan behar delako”. Azaldu duenez, “EH Bilduk ez ditu hauteskunde promesak egiten, konpromisoak hartzen ditu, eta betetzen ditu”. Hala, “Madrilen PP kanporatuko genuela esan genuen, eta hala egin genuen; Maroto Gasteizko udaletxetik aterako genuela esan genuen, eta hala egin genuen; UPN Nafarroako Gobernutik aterako genuela esan genuen, eta hala egin genuen”.

EH Bilduren fidagarritasuna EAJ eta Urkulluren sinesgarritasun faltarekin alderatu du Iriartek, egunotan hautagai jeltzalea egiten ari den promesak ezbaian jarrita, bereziki haren eskutik etorriko liratekeen murrizketei dagokienez. “Urkulluk esan du ez duela murrizketarik egingo. Nola ez duela murrizketarik egingo? Murrizketak egiten ari da jada. Osasun arloan egin ditu, gizarte politikan eta hezkuntzan bezala; aste honetan bertan irakasle kopurua murriztu du. Urkulluk ez dauka sinesgarritasunik”.

Horren haritik, EH Bilduren lehendakarigaiak osasun eta hezkuntzako sindikatuak egunotan egiten ari diren mobilizazioak aipatu ditu, hain justu, “Urkulluk ukatzen dituen murrizketak salatzera” atera baitira kalera, bat eginda. “Inork lortu ez duena lortu du Urkulluk: sindikatu guztiak batzea haren murrizketak salatzeko. Eta oraindik sinestarazi nahi digu ez duela murrizketarik egingo?”. Murrizketak, salatu du Iriartek, ohikoak izan dira Urkulluren agintaldian zehar. Gizarte laguntzetan, esaterako, Patxi Lopezen garaian eginiko %7ko murrizketa desegiteari uko egin baitio sistematikoki PPren babesarekin, EH Bilduk etengabe eskatu dion arren.

“Hitza izan behar da”, berretsi du Iriartek, eta gogora ekarri du EH Bilduk EAJrekin adostu eta sinatu zituela estatus politiko berriaren oinarriak, eta gero EAJk akordioa apurtu zuela PSEren gonapean sartzeko, erabakitzeko eskubidea bazterrean utzita. “Urkullu jauna, akordio bat akordio bat da. Hitza bete behar da”.

Nerea Kortajarenak EAJren benetako programa argitara atera du

Nerea Kortajarenak, bere aldetik, zelofana kendu die EAJren promesa elektoralei eta haren benetako programa azaldu die Tolosan bildutakoei: “Subiranotasuna? Ez dago erabakitzeko eskubiderik. Osasuna eta hezkuntza? Murrizketak. Enplegu politika? Confebaskek agintzen duena. Industria politika? Errentetatik bizitzea. Laburbilduz, ez erabakitzeko eskubiderik, ez politika sozial aurreraturik”.