AKTUALITATEA

| 2020-07-05

Kanpainako lehen astea igarota, Arnaldo Otegik argi dauka oraindik asko dagoela jokoan eta EH Bildu dela datorren igandean “ezustekoa eman dezakeen bakarra”. Hori dela eta, “ezkerreko boto aurrerakoi, subiranista, abertzale, antifaxista eta errepublikazale guztia EH Bildun kontzentratzeko” deia egin du gaur Eibarren. “EH Bildu hazten ari da, pluralagoa eta zabalagoa egiten da. EAJ eta PSEk zure konplizitatea nahi dute betikoa egiten jarraitzeko; guk, aldiz, zure laguntza nahi dugu herri justu eta askea eraikitzeko”.

Horren haritik, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ohartarazi du Urkulluk eta Mendiak ez dutela botoa eskatzen, “egiten ari diren eta egingo dituzten uko eta murrizketen konplize izateko” baizik, eta bermatu du “EH Bildu ez dela izan eta ez dela izango ordena ekonomiko bidegabe eta anker baten konplize, ez eta askatasun nazionalak ukatzen dituen Estatu baten konplize ere. Horregatik eskaintzen da tresna baliagarri gisa: ahotsik gabekoen ahotsa izateko, kausa nazionalerako eta langileen kausarako baliagarri izateko, berdinen euskal errepublika eraikitzeko”.

Mikel Otero: “Zaldibarrek EAJren kudeaketa ereduaren porrota erakutsi du”

Mikel Otero Arabako zerrendaburuak Zaldibar izan du hizpide Eibarren, zabortegian gertatutakoak “EAJ eta PSEren ereduaren porrota” eta “kudeaketa gaitasunik eza” erakutsi baititu. “Zaldibarren ez zen behar beste kontrolik egon, ez zen larrialdi egoera ongi kudeatu, ez zen familiekin eta inguruko biztanleriarekiko begirunerik izan eta, agian okerrena, arduradun nagusiek ez zuten aurpegia eman eta ez dira erantzukizun politikoak garbitu. Zaldibarrek erakutsi digu gure bizitzaren funtsezko kontuak ezin ditugula irabazi pribatuen eskuetan utzi eta, finean, Zaldibarren Urkulluk erakutsi zuen ez dagoela prest egoera zailak behar bezala kudeatzeko”.