AKTUALITATEA

| 2019-11-26

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak komunikabideen bitartez erantzun dio EH Bilduk gaur goizean 2020ko aurrekontuen proiektua zuzentzeko aurkeztutako proposamenari. Azpiazuk dio koalizioaren proposamenak iaz planteatutako neurriak berreskuratzen dituela eta, iaz bezala, ezin dituela onartu Jaurlaritzaren eskumenetatik harago doazelako. Iaz ere gauza bera esan zuen hasieran, baina gero onartu behar izan zuen gure proposamena legala zela, bai eta bere eskumenen esparruan sartzen zela ere.
Maddalen Iriartek adierazi duenez, EH Bilduren proposamena onartzeak aurrekontuetan izango lukeen inpaktu kuantitatiboa Jaurlaritzak berak jarritako marko ekonomikoan txertatzeko modukoa litzateke. “Arazoa bestelakoa da”, ohartarazi du bozeramaileak. Bere esanetan, “Gobernuak ezezkoa eman digu 2020ko aurrekontuak Podemosen eskutik ateratzea erabakita daukalako, itxita ere ez badu. Ez du EH Bilduk eskatzen dion eztabaidan sartu nahi bere proiektua merke negoziatzeko aukera duelako”.
Iriartek ziurtatu du EH Bilduren proposamena guztiz egingarria dela, Urkulluren Gobernuak borondatea edukiz gero. “Pentsioak osatzeko planteamenduari dagokionez, 2008an onartu zen eta indarrean dagoen Diru-Sarrerak Bermatzeko Legeak dioena betetzea eskatzen dugu, hori besterik ez; lege horren arabera Lakuak pentsio baxuenak gutxieneko soldatara arte osatu behar ditu; hau da, obligazioa da, EH Bilduk eskatu gabe ere egin beharko luke”.
Eta 1.200 euroko gutxieneko soldatari buruz, Iriartek berriz azaldu du Jaurlaritzak eskumen osoa duela “kontratazio publiko guztietan, bai eta diru publikoz sustatutako kontratu guztietan ere, soldata gutxienez 1.200 eurokoa izatea baldintza gisa jartzeko. Horixe da EH Bilduk eskatutakoa”.