AKTUALITATEA

| 2019-04-25

Gizarte justu eta duin bat eraiki nahi dugu, pertsonak zainduko dituena, eta ahalik eta ondoen bizitzeko baldintzak eskainiko dituena. Politika progresisten aldeko apustua egiten dugu. Herritarren gehiengoari ongizatea eta eskubideak bermatuko dizkien eredu soziala lortzea da helburua. Eta hori egingo dugu euskal herritarren lehentasunak zein diren argi izanda: lehentasunak ez dira zementua eta eraikitze-enpresak, autobide kilometroak edota milioi askoko trenak. Herritarren eta EH Bilduren beharrak bestelakoak dira: enplegua, pentsioak, berdintasuna, hezkuntza edota etxebizitza. Hori da benetako Euskal Agenda, euskal herritarren bizi-kalitateari eragiten dioten gaiak.

Horregatik, EH Bilduk Madrilera eramango du Euskal Agenda soziala. Lana egingo dugu erreminta berriak lortzeko, eskumen berriak, eta gure herritarren eskubideak zabaltzen dituzten politikak eta ongizatea hobetzen dutenak martxan jartzeko:

Enplegua. Prekaritatearekin bukatzeko enplegu duinak sustatzeko konpromisoa hartu dugu. Horretarako, 1.200€-ko gutxieneko soldata proposatuko dugu, eta kopuru hori hemen finkatu eta eguneratzeko eskumena; EAEn eta Nafarroan Lan Harremanen Esparrua lortzeko lan egingo dugu, eta PP eta PSOEren lan erreformak indargabetuko ditugu. Horrez gain, langileen eskubideen eta ongizatearen gainetik elite ekonomikoenak jartzen dituzten neurriak blokeatuko ditugu.

Pentsioak. Euskal pentsionisten eskariak Madrilera eramateko konpromisoa hartzen dugu. 1.080€-ko gutxieneko pentsioa proposatuko dugu, KPIa eguneratzea eta iraunkortasun faktorea behin betiko indargabetzea. PP eta PSOEk martxan jarritako pentsioen erreformak ere indargabetuko ditugu. EAEn eta Nafarroan pentsio sistema publikoaren alde egingo duen eredu bat sustatuko dugu. Horretarako lehen urratsa Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren eskumena lortzea izango da, pentsio horiek kudeatu ahal izateko.

Feminismoa. Emakumeen eskubideak eta askatasunak defendatzeko konpromisoa dugu, bizi dugun egiturazko biolentziaren kontra borrokatzekoa eta berdintasunaren alde aritzekoa. Beti ere, balio eraldatzaile feministetan oinarrituta egingo dugu lan, gure gorputzen gainean, gure sexualitatearen gainean eta gure lurraldearen gainean dugun erabakitzeko eskubidea onartua izan dadin. Abortu Lege berri bat proposatuko dugu: lege horrek emakumeek euren gorputzei buruz erabakiak hartzeko duten eskubidea bermatuko du, eperik gabe eta sistema publiko, doako eta unibertsal batean; Kode Penala aldatuko dugu eraso matxisten inpunitatearekin amaitzeko; epaitegi bereziak jarriko ditugu martxan biolentzia matxistari dagozkion gaiei lotuta, formazio espezifikoarekin eta horretarako beharrezkoa izango den aurrekontuarekin. Edozein motako eraso matxistak babestu eta justifikatzen dituzten epaileen errekusazioa eskatuko dugu. Mekanismo horrekin epaileek eta justiziak biolentzia matxistarekiko duten onberatasunarekin amaituko dugu.

Etxebizitza. Espekulazioarekin eta negozioarekin bukatuko duen etxebizitza politika sustatzeko konpromisoa dugu, alokairuei muga jartzekoa eta etxegabetzeak geldiaraztekoa. Etxebizitza duin eta sozialak eskuratzeari lehentasuna emango dion politika izango da, eta erakunde lokalei erremintak eskainiko dizkiona, etxebizitzen eremua kontrolatu eta erregulatu ahal izateko. Horretarako Etxegabetzeen Aurkako Legea sustatuko dugu, gehiegizko alokairuak erregulatuko ditugu, eta gazteentzako alokairu sozialeko laguntzak handituko ditugu. EAEko eta Nafarroako etxebizitza legeen errekurtsoak erretiratzea ere exijituko dugu, aurreikusten dituzten neurri efektibo guztiak aplikatu ahal izateko.

Aldaketa klimatikoa. Trantsizio ekologikoari eta energetikoari benetan aurre egingo dioten neurriak babesteko konpromisoa hartzen dugu, baita energia enpresa handiei aurre egingo dieten politikak sustatzekoa ere, hala, sistema demokratizatzeko. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurriak proposatuko ditugu: gure lurra eta gure ingurunea babestuko dituzten neurriak; enpresen kontrolerako neurriak, energia berriztagarriak sortzera bideratuak, eta eredu iraunkor baterako bidea egitea bermatuko dutenak. Enplegu berdeak sortzea ahalbidetuko duen eredua izango da, eta aukera berriak sortuko dituena berrikuntzan eta teknologia berrietan.

Lege antisozialak indargabetzea. Azken urteetan Espainiako gobernuek onartu dituzten lege antisozial guztiak indargabetuko ditugu, herritarren oinarrizko eskubideen aurka egiten baitute:

  • Lan erreformak
  • Pentsioen erreformak
  • LOMCE
  • Mozal Legea
  • 135 Artikulua, zorraren ordainketaren lehenespenarena
  • Aurrekontuen Egonkortasunaren Legea

Transferentziak gai sozialetan. Oraindik eskualdatzeko gelditzen diren transferentziak berehala gure esku jartzeko exigitzeko konpromisoa hartzen dugu. Horien artean lehentasuna izango dute eduki soziala eta ekonomikoa dutenak, ezinbesteko erremintak baitira herritarren bizi baldintzak hobetzeko: Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoa, pentsioen gaineko gai guztiak, enplegu politika pasiboak, hezkuntza eskumenak, eta ahalmen osoa gai fiskaletan eta aurrekontuei dagozkienetan. Era berean, EAEn eta Nafarroan Espainiako Gobernuak eta beren delegatuek legeei jarritako errekurtsoak berehala erretiratzeko exijituko dugu. Izan ere, eduki soziala dute nagusiki, eta Eusko Legebiltzarrean zein Nafarroako Parlamentuan gehiengoaren aldeko botoekin onartutakoak dira.

Euskal Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa. Erreminta horiek defendatzeko konpromisoa dugu. Gure autogobernuaren ezinbesteko oinarriak dira biak, behar-beharrezkoak gure ongizaterako. Erreminta propioak behar ditugu, herri burujabe baten proiektua eraikitzen lagunduko dutenak. Hala, lan egingo dugu maila berean negoziatzeko formula topatzeko, formula gardena eta justua izango da. Helburua da egungo egoerarekin bukatzea, izan ere, orain Espainiako Estatua da erabakitzen duena nola, noiz eta zenbat eguneratzen diren EAEko eta Nafarroako kupoak, eta horrek kalte handia egiten die herritarren interesei.