AKTUALITATEA

| 2019-11-28

EH Bilduk 2020ko aurrekontuak zuzentzeko proposamena helarazi zion herenegun Jaurlaritzari eta egun berean jaso zuen, hedabideen bitartez, erantzuna: “Atea itxi diote EH Bildurekin elkarrizketa prozesu bat irekitzeari eta, EAJko buruzagi baten kasuan,  modu zatar eta iraingarri batean gainera”. Iker Casanovak salatu duenez, Lakuak “aitzakia irrealak” erabili ditu; izan ere, pentsioak osatzea eta diru publikoarekin sustatutako kontratazioetan 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, EH Bilduk eskatu bezala, egingarria da, Gobernuan borondate politikoa baldin badago, neurri horiek legalak direlako eta haren eskumenen markoan sartzen direlako. Horren ildotik, gogora ekarri du Azpiazu sailburuak argudio berberak erabili zituela iaz eta azkenean 140 milioi euro eskaintzeraino iritsi zela, besteak beste, pentsioak osatzeko.
Hala, EH Bilduko legebiltzarkideak koalizioaren proposamena onartzeak ekarriko zituen onurak azpimarratu ditu, batez ere pentsiodunen egoera hobetzeko eta kalitatezko enplegu sustatzeko.
Batetik, 2008az geroztik indarrean dagoen Diru-Sarrerak Bermatzeko Legea betetzea baino ez dugu eskatzen; hau da, pentsio baxuenak gutxieneko soldataraino osatzea Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) bitartez. “Gaur egun pentsiodunei 765 euro hileko bermatzen zaie DBEren bidez, baina gure proposamenarekin, 2008ko legea beteta, kopuru hori 1.050 eurokoa litzateke. Hori da eskatzen ari garena, eta Jaurlaritzak ahalmen ekonomiko osoa du hori egiteko, neurri horren kostua 50 milioi ingurukoa baita”.
Eta bestetik, Casanovak azaldu du kontratazio publikoetan eta diru publikoarekin sustatutako kontratuetan Jaurlaritzak eskumena duela, enplegu duina sortze aldera, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, klausula sozialen bidez. “Horrek ez du inpaktu ekonomikorik aurrekontuetan eta borondate politikoa baino ez du eskatzen”.
“Aurrekontuen eztabaida jendearen beharren zerbitzura ipini nahi dugu”, azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta EAJri erantzun dio: “Hori egitea ez da jendeaz trufatzea; 900 euro baino gutxiago kobratzen duten gazteei Jaurlaritzak esaten die ez duela ezer egin nahi hori aldatzeko, estu dabiltzan pentsiodunei esaten die ez duela 2008ko legea bete nahi eta AHT gastu ekologiko bezala saltzen du; hori guztia bai dela jendeari barre egitea”.
Casanovaren iritziz, Urkulluren Gobernuak horretaz guztiaz hitz egiteari uko egin dio “aurrekontuen onarpena beste alde batetik lotuta duelako, aurrekontuak merke onartzeko prest dagoen beste indar batekin”, Podemosekin, alegia. Erabaki horren oinarrian hautu ideologiko bat dago, erantsi duenez: “EAJ eta Jaurlaritza eskuindarrak dira eta ulertzen ez duguna da zergatik bere burua ezkertiartzat jotzen duten bi alderdik ematen dioten sostengua aurrekontu horri”.
Hori horrela, Casanovak aditzera eman du EH Bildu osoko zuzenketa aurkeztuko duela, Lakuan ezezkoan jarraitzen badute eta gauzak aldatzen ez badira.
100 milioiko engainua Jasangarritasunaren Legean
Mikel Oterok ere 2020ko aurrekontuak izan ditu hizpide Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Gogorarazi duenez, otsailean onartutako Jasangarritasun Energetikoaren Legearen arabera, 2020ko aurrekontuetan Jaurlaritzak 100 milioi euro txertatu behar ditu aldaketa klimatikoaren aurkako udalen ekintzak finantzatzeko, baina, hala ere, ez du egin. Hori dela eta, Oterok aurrekontuetan diru kopuru hori txertatzeko eskatu du, baina EAJ, PSE eta Podemosek uko egin diote harekin bat egiteari. EH Bilduko legebiltzarkideak engainutzat jo du EAJ eta PSEren jokabidea eta Gobernuaren aurrekontuei abal berdea ematea egotzi dio Podemosi.