AKTUALITATEA

| 2019-10-07

Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan azaleratu diren irregulartasunek agerian utzi dute kontratazio eredu oso baten porrota, sistema publikoan ezinbestean bete behar diren oinarrizko printzipioak (objektibotasuna, garbitasuna eta aukera berdintasuna) Osakidetzan sistematikoki urratu direlako orain arte. Hori dela eta, EH Bilduk proposamen bat landu du –sektoreko eragileen artean, ñabardurak ñabardura, ia erabateko adostasuna jaso duena– Osasun Publikoan oposizioen eredua ez ezik, Pertsonal arloko politika ere aldatzeko, kontratazio guztietan objektibotasuna, gardentasuna eta aukera berdintasuna bermatzeko. Izan ere, Rebeka Uberak azpimarratu duenez, "Lan Eskaintza Publikoetan aldaketak eginda ere, kontratazio ereduari heltzen ez bazaio, Osakidetzan ez da ezer aldatuko, gakoa kontratazio politikan dagoelako; muinera joan behar dugu, eta horrek esan nahi du urteetako kontratazio politikak sortu duen kultura eta praxia errotik aldatu behar dela Osakidetzan. Normaltzat jo da azterketak filtratzea eta oposizioen emaitzak aldez aurretik erabakita egotea, baina hori ez da normala, eta ezin da normaltzat hartu”.
EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren jokabidea kritikatu du oposizioen eskandalua argitara atera zenean haren erantzuna irregulartasunak ukatzea izan zelako, eta diskurtso horri eutsi dio, gainera, ebidentziak ukaezinak izan diren arte. Gauzak benetan aldatzeko Gobernuaren borondatea zalantzagarria izanik ere, Uberak neurri zehatzak hartzeko eskatuko dio bihar Osasun sailburuari Legebiltzarrean, Lan Eskaintza Publikoetan garbitasuna ziurtatzeko asmoz. “Oposizioetan azterketa bakarra egin behar da, teorikoa eta praktikoa, eta pertsona bakar batek prestatu behar du, trazabilitatea argia izan dadin. Halaber, manual operatiboak publikoa eta zehatza izan behar du”.
Edonola ere, Uberak ezinbestekotzat jo du Osakidetzan oposizioetatik harago jotzea eta Pertsonal arloko politika orokorra aldatzea hiru printzipio nagusi oinarri hartuta: planifikazioa, egonkortasuna eta belaunaldi aldaketa. Legebiltzarkideak aurkeztu ditu EH Bilduk helburu horrekin egin duen proposamenaren ardatz nagusiak:
1. Koderik gabe dauden lanpostuak azaleratu. Plantilla erreala zehaztu.
2. Osakidetzan zortzi urtetik gora lanean daramaten langileen kontsolidazioa.
3. Ratioen ezarpena
4. Bizitza profesionalean azterketa bakarra.
5. Ibilbide formatiboa kategoria guztientzat irekia eta gardena.
6. Azterketako nota + ibilbide formatiboa + aintzinatasuna = zerrenden kokapena eta lanpostua sortzen denean sarrera automatikoa.
7. Barne promozioa
8. Izendapen libreak mugatu eta araudia aldatzea.
EH Bilduren iritziz, Osakidetzaren kontratazio politika aldatzea da Osasun Sailak duen erronka nagusia. Hori dela eta, horrek duen garrantzia kontuan hartuta, EH Bilduk kanpaina bat jarri du martxan sare sozialetan arlo horretan egiten duen proposamena euskal gizarteari ezagutzera emateko eta, zehatzago, osasun profesionalen artean zabaltzeko eta, horrela, euren ekarpen, iritziak jaso ahal izateko.