Albisteak

EH Bilduk Polizia Legea erretiratzeko eskatu eta Udaltzaingoak menpe jarriko ez dituen eredu poliziala aldarrikatu du


EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio Jaurlaritzaren lege proiektuari, orain arteko eredu poliziala betikotzen duelako, 1992ko legea onartuz geroztik aldatu diren faktore sozial eta politikoak kontuan hartu gabe.

Legebiltzarra | 2019-04-01 18:38:00

EH Bilduk 1992ko Polizia Legearen bosgarren aldaketa egiteko lege proiektua erretiratzeko eskatu dio Jaurlaritzari osoko zuzenketa baten bitartez. Gainera, zatikako 67 zuzenketa ere aurkeztu ditu, iragan legealdian aurkeztu zuen ia proiektu bera igorri diolako berriz ere Lakuak Legebiltzarrari “akats eta gabezia berdinekin”, Julen Arzuagak kritikatu duenez. Hala, Urkulluren Gobernuak orain arteko eredu poliziala betikotzea baino ez du proposatzen, ez ditu kontuan hartzen 1992ko legea onartuz geroztik aldatu diren faktore politiko eta sozialak eta entzungor egiten die beste segurtasun eredu bati ekiteko eskatu dioten sindikatu, profesional eta adituei.

Arzuagaren iritziz, kanpoko faktoreek (ETAren desagerpenak) zein barrukoek (Cabadas auziak, besteak beste) agerian utzi dute segurtasun eredua eguneratzeari, egokitzeari eta aldatzeari ekin beharra, eta Polizia Legeak horri heldu beharko lioke ezinbestean, “gaur eguneko polizia eredua agorturik dagoelako eta bere hutsune eta gabeziak estrukturalak direlako”. Jaurlaritzaren lege proiektuak, ordea, herri honek behar duen segurtasun ereduari buruzko eztabaida zabaldu beharrean, itxi egiten du, Arzuagak salatu duenez. “Antza, Poliziak antolatzeko eta segurtasuna interpretatzeko modu bakarra dago, Gobernuarena, eta autokonplazentziazko jarrera hori ez da bidezkoa, izan ere badirelako hainbat gai oso eztabaidagarri”.

EH Bilduren irudiko, eredu polizial berriak Udaltzaingoak ere erdigunean jarri eta gertutasunean eta prebentzioan oinarritu beharko litzateke, udaltzainen eta ertzainen funtzioak nola banatu ondo zehaztuta. Jaurlaritzaren lege proiektuan, aldiz, udaltzaingoak Ertzaintzaren mendekoak dira, modu hiearkikoan. “Funtzioen araberako banaketa egoki eta tasatua egin ordez, lege proiektuak Ertzaintza eta udaltzaingoen arteko koordinazio zehaztugabea planteatzen du tokian tokiko, udalez udal, menpekotasuneko logika edo eskema batetik”.

Estatuko Segurtasun Indarrei dagokienez, Jaurlaritzaren proiektuak ez du inolako aipamenik egiten, nahiz eta Gasteizko Legebiltzarrak horrenbeste aldiz eskatu duen Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren atzera-egitea. “Polizia ereduari buruzko eztabaidari helduz gero, Estatuko Segurtasun Indarren irteera ondorioetariko bat litzateke, are gehiago egiten ari diren egokitzapen prozesu isila kontutan hartuta, errepide-kontroletan ikusi ahal izan dugun bezala, azken hilabeteetan guztiz desagertu baitira. Ez da ulergarria egoera hori legez arautzeko aukera galtzea”.