AKTUALITATEA

| 2019-12-12

EH Bilduk Kataluniako prozesu independentistaren aurkako Estatu espainolaren estrategiaren baitan auzipetutako eta zigortutako buruzagi independentistak, hala nola, Carles Puigdemont, Oriol Junqueras, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez, bai eta euren abokatuak ere, Gasteizko Legebiltzarrean, Justizia Batzordean, agertzea eskatu du, haien kontrako prozesu judizialaren inguruko hausnarketa politiko eta juridikoa ezagutzea behar-beharrezkoa delakoan, ondorio. Euren egoera zein den kontuan hartuta, Julen Arzuagak agerraldi batzuk bideokonferentzia bidez egitea proposatu du, baldin eta Gasteiza etortzea ezinezko badute.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Legebiltzarrak ordezkaritza bidali zuela Auzitegi Gorenera epaiketak iraun bitartean eta, bere iritziz, “lan horren ostean beharrezkoa da epaiari buruzko azterketa eta gogoeta egitea eta auzipetuen iritzia jasotzea, ikusitakoaren ondorioak eta balorazioak ateraz”.
Agerraldien artean, epaiketan begirale izan ziren hainbat jurista eta aditurena ere eskatu du Arzuagak: Xabier Muñoz Soriano (International Trial Watch), Daniel Amelang (Abokatuen Elkarte Librea) eta Jelle Klaas (Herbeeretako Giza Eskubideen Komitea).