Albisteak

EH Bilduk akordioa sustatu du Lakuak giza kontsumorako ez egoki deklaratu dezan lindanoak kutsatutako zonaldeetan hartutako ura

Mikel Oterok adierazi duenez, akordioa, aho batekoa, lehen urratsa da lindanoagatiko kutsaduraren arazoa konpontzeko. Lindanoa substantzia kantzerigenoa da eta Nerbioi-Ibaizabal eta Zadorrako arroetan detektatu da.

Legebiltzarra | 2019-03-27 10:59:00

EH Bilduk, Podemos eta PPrekin batera, aho bateko akordioa sustatu du gaur Legebiltzarrean lindanoagatiko kutsaduraren arazoa konpontze bidean, Mikel Oterok adierazi duenez. Lindanoa substantzia kantzerigenoa da eta euskal enpresa batzuek erabili zuten pasa den mendeko 40 eta 90eko hamarkada bitartean; gero biltegiak egin ziren, baina horrek lurrak kutsatzea ekarri zuen lehenago, eta lur gaineko eta lurrazpiko urak gero, lindanoa erraztasun handiz filtratzen delako. Hala, lindanoa Nerbioi-Ibaizabal eta Zadorrako arroetan detektatu da.

Hori dela eta, gaur onartutako proposamenaren arabera, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio, “giza osasunerako arriskua aztertu ostean, giza kontsumorako ez egoki deklaratu dezala lehentasuneko substantzietarako –lindano kasu– eta bestelako kutsatzailetarako ingurumen kalitateko arauak urratzen diren horniketa guneetatik datorren ura”. Halaber, Gobernu espainolari eta inplikaturik dauden gainerako administrazioei galdegin die “lur gaineko eta lurrazpiko uretan lehentasuneko substantziak desagerrarazteko neurri zuzentzaile zehatzak eta zuzentze planak txertatu ditzatela 2016tik 2021era bitartean gauzatu beharreko plan hidrologikoetan, betiere indarrean dauden ingurumeneko legeei jarraituz”.