AKTUALITATEA

| 2020-01-23

Euskal erakundeen burujabetza handitzeko eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko bidean, legegintzaldiko lehen egitasmoak aurkeztu ditu Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak Kongresuan. Guztira, hiru legez besteko proposamen erregistratu ditu bost diputatuz osatutako taldeak, aurrerapen sozialak eta azken hamarkadan galdutako eskubideak berreskuratzea begiz jota. Lehenik eta behin, Hego Euskal Herrian 1.200 euroko gutxieneko soldata —urtean 14 ordainsarirekin— ezartzea proposatu du ezkerreko indar subiranistak Kongresuan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak urtarrilaren 30eko greba orokorrera begira eginiko aldarrikapenekin bat eginda.

Horretarako, PSOEk 2010ean eta PPk 2012an martxan jarritako lan erreformak atzera botatzeari ezinbestekoa deritzo EH Bilduk: “Langileek galdutako eskubideak berreskuratzea baldin bada helburua, nahitaezkoa da biak bertan behera uztea”. EH Bilduren iritziz, aurten gutxieneko soldata 950 eurora igotzeko Espainiako Gobernuak, patronalak eta sindikatuek berriki adostutako akordioa “motz” geratzen da, ez baita nahikoa euskal herritarrei lan baldintza eta bizi proiektu duinak ziurtatzeko.

Gutxieneko soldata, hortaz, tokian tokiko errealitate sozioekonomikora, bizi-mailara eta eredu produktibora egokitzea nahi du indar subiranistak, sindikatuen eta eragileen eskariei bide emanda. Lan harremanak eta negoziazio kolektiboa lehenetsiko dituen eredu propio bat abian jartzea ahalbidetuko luke horrek, Euskal Herriko gehiengo sindikalak aspalditik eskatzen duen bezala. “Prekaritateari aurre egitea, lan baldintzak hobetzea eta bizi proiektu duin eta egonkorrak garatzea lagun dezake soldatak igotzea”, azaldu du Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak.


1.080 euroko gutxieneko pentsioak

Bigarren egitasmoaren bitartez, 1.080 €-ko gutxieneko pentsioak bermatzea eta pentsiodunen aldarrikapenei bide ematea nahi du EH Bilduk. Horretarako, pentsiodunen bizi baldintzak okertu dituzten erreformak atzera botatzea eta Gizarte Segurantzari lotutako eskumen guztiak euskal erakundeetara transferitzea presazkotzat jo du, 1979an onartutako Gernikako Estatutuak hala jasotzen duela gogoratuz. Neurri horien eskutik, pobreziaren muga baino txikiagoa den pentsiorik ez onartzeko konpromisoa hartu du koalizio abertzaleak, Europako Eskubide Sozialen Gutunari jarraiki.

Bide horretan, Euskal Herriko gehiengo sozial, politiko eta sindikalaren urteotako aldarrikapen nagusiei erantzuna eman die EH Bilduk. Indar subiranistaren aburuz, Espainiako Gobernu berriak iragarritako %0,9ko pentsioen igoera ez da nahikoa pentsiodunen bizi baldintzak duintzeko: “Hasiera baino ez da, lehen pausoa urteotako murrizketak bertan behera uzteko. Ez ditu eskubideak zabaltzen, galdutakoak berreskuratzen baizik”.

Aldi berean, gaur-gaurkoz eskualdatzeko falta diren Gernikako Estatutuko 36 eskumenen eta Nafarroako Foru Hobekuntzako 25 eskumenen transferentzia lehenbailehen eta osotasunean egitea nahitaezkoa da EH Bildurentzat. Transferentziak sei hilabetean gauzatzea proposatu du. Eskumenez eztabaidatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak osatutako Batzorde Mistoan aurrerapauso nabarmenik eman ez dela ikusita eta adostutako egutegia garaiz betetzeko borondate politikorik egon ez dela ikusi ondoren, EH Bilduk ezkortasunez begiratzen dio PSOEk eta EAJk falta diren eskumenak transferitzeko egin duten enegarren akordioari. Koalizio abertzaleak salatu du Espainiako Gobernuek behin eta berriz urratu dituztela konpromiso horiek, hitzartutakoa bete gabe, eta deitoragarria iruditzen zaio gobernuen borondate falta; 40 urte eta 37 urte igaro dira, hurrenez hurren, Gernikako Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntza onartu zituztenetik.

Egoera horri buelta emateko eta eskumenen korapiloa askatzeko, legez besteko proposamen bat aurkeztu du EH Bilduk, Espainiako Gobernuari eskatuz bizkortu dezala prozedura, duela 40 urte adostutakoa irmo bete dezala y ahalik eta azkarren sar ditzala egutegian Gizarte Segurantzari eta Espetxeen kudeaketari dagozkion eskumen guztiak, “lehentasunezkoak” direla iritzita. Azken lau hamarkadotako menpekotasun egoera baztertu eta berdinetik berdinerako harremana eraikitzeko garaia dela uste du EH Bilduk.