Albisteak

Bideguren: “Hemengo alderdiei emandako botoek bakarrik defenditzen dituzte euskal herritarren interesak”


Senataria EH Bilduko alkate eta zinegotziekin batzartu da Bilbon eta “Estatu espainolaren asmo birzentralizatzailea ase ezina” salatu du. “EH Bilduren botoa da Estatutik datozen erasoen aurrean euskal herritarrak babesten dituena”.

EH Bildu | 2019-11-07 12:35:00

Idurre Bideguren senatariak hauteskunde kanpainan murgildurik jarraitzen du eta gaur goizean Bilbon izan da, EH Bilduko alkate eta zinegotziekin batera, EHUko Bizkaia Aretoan antolatutako ekitaldian. Bideguren pozik agertu da “euskal herritarrek gero eta konfiantza handiagoa daukatelako EH Bildurengan, eta horren erakusle da –gogorarazi duenez– EH Bildu izatea lehen indar munizipalista”. Bere iritziz, zergatia argi dago: “Euskaldunek badakite hemengo alderdiei emandako botoek bakarrik defenditzen dituztela beraien interesak”. Hori dela eta, “boto abertzalea, subiranista eta aurrerakoia emateko deia” egin die euskal herritarrei, “botoa EH Bilduri emateko, EH Bildurena delako Estatutik datozen erasoen aurrean euskal herritarrak zaintzen eta babesten dituen botoa”.

Senatariak “Estatuaren asmo birzentralizatzailea ase ezina” dela salatu du. “Eta ez du mugarik, gure ikasleentzako beken kopurua zein izan behar den ere esateraino” iristen baita, kritikatu duenez. Horren aurrean, agindu du EH Bilduko ordezkariek “euskal udalen autonomia eta burujabetza errespetarazteko modu aktiboan egingo dutela lan Madrilen, horrek herritarren bizi baldintzetan eragin zuzena izango duelako”. Izan ere, “Estatuaren asmo birzentralizatzaileek modu zuzenean eraso egiten diote gure udalen autonomiari, Estatua baita gastu muga ezartzen duena eta gure udalen diru-sarrerak mugatzen dituena, eta horrek, jakina, udalek jendeari eskaintzen dioten zerbitzua okertzea dakar”.

Horri jarraituz, Bidegurenek EH Bilduko hautetsien lana aldarrikatu du, are gehiago kontuan hartuta zer nolako ondorioak dituen Estatuaren inboluzioak tokiko instituzioetan, guztiz baldintzatzen baitu euren lana herritarren ongizatea bermatzerakoan. “Zuek zarete gure lan instituzionalaren oinarria, zuek zaretelako egunero herritarrekin batera egoten zaretenak eta haien premiak ondoen ezagutzen dituzuenak, baina ez da erraza euskal alkatea izatea, Espainiako Estatuak ere ez digulako errazten”.

Maite Ibarra: “EH Bildu hazten ari da eta igandean are gehiago haziko gara”

Idurre Bidegurenekin batera Bilboko ekitaldian parte hartu duten alkate eta zinegotzien artean, Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak hartu du hitza. EH Bilduko hautetsiek “gure herritarren egunerokoa hobetzeko egunero modu zintzoan egiten duten lana” azpimarratu du, bai eta horrek “herritarren konfiantza irabaztea” dakarrela ere, “EH Bildukoak hitzezko pertsonak garelako, esaten duguna egiten dugulako”. Horren guztiaren ondorioz, “EH Bildu hazten ari da”, esan du Ibarrak. “Ezker subiranistarentzat gaindiezinak ziren langak gainditzen ari gara eta eremu berrietara iristen ari gara, eta igandeko hauteskundeetan are gehiago haziko gara, lan onak saria jasotzen baitu beti”.