Albisteak

Aurrekontuek ez dute ez enplegua ez ekonomia suspertuko Lakuak austeritate politikekin tematurik jarraitzen duelako


EH Bilduk 78 zuzenketa aurkeztu ditu guztira, 234,5 milioi eurori beste erabilera bat emateko. Besteak beste, 2008ko legea bete eta pentsioak 1.050 euroraino osatzea proposatu du, bai eta kontratazio publikoetan 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea ere.

EH Bildu | 2019-12-05 14:36:00

Jaurlaritzak 2020ko aurrekontuak EH Bildurekin adosteari ateak itxita, Maddalen Iriartek koalizioaren osoko zuzenketa aurkeztu du gaur Legebiltzarrean, bai eta 77 zatikako zuzenketa ere. Zuzenketa horien inpaktu ekonomikoa 234,5 milioi eurokoa da. Bozeramaileak azaldu duenez, “Gobernuak ekarri dizkigun aurrekontuak, funtsean, iazko aurrekontu berberak dira, orientazio bera daukate, bai eta jatorrizko defizit bera ere; alegia, Jaurlaritzak austeritate politikekin tematurik jarraitzen du, uko egiten dio murrizketak bertan behera uzteari eta politika horrek, ekonomia eta enplegua suspertu beharrean, gizarte arrakala areagotzen du”.
“Politika maiuskulaz egin beharrean, marketing eta kosmetika egitea” egotzi dio Iriartek Lakuako Gobernuari, “betiko aurrekontuei beste bilgarri bat bakarrik ipini dielako”. Izan ere, “zenbakiak beste modu batez ordenatu ditu eta, tranpak eginez, kopuru batzuk loditu ditu, aldaketa klimatikoaren eta genero arrakalaren kontra itxurak egiteko”. Edonola ere, erantsi du, “helburua lortu du, Podemosek amua irentsi duelako”.
Bada, EH Bilduk, osoko zuzenketaz gainera, 77 zatikako zuzenketa aurkeztu ditu aurrekontuak ahal den neurrian behintzat zuzendu nahian. Besteak beste, honako proposamen hauek jaso ditu horietan:
• Diru publikoarekin ordaindutako kontratu guztietan 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea. Iriartek azaldu duenez, “neurri horrek ia ez du inpaktu ekonomikorik, Jaurlaritzak hori egiteko eskumena du eta, beraz, borondate politikoa baino ez da behar. Neurri hori funtsezkoa da aldaketa estrukturala ekarriko lukeelako”.
• Pentsio txikienak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez osatzea (52 milioi). “Eskumena izanda, eta badu, Jaurlaritzak pentsio duinak osatzeko obligazioa du. 2008ko Legea betetzeko baino ez diogu eskatzen. Praktikan, horrek ekarriko luke pentsioak 1.050 euroraino osatzea. Gaur 765 euroraino osatzen dira”.
• Kalitatezko enplegua (22,5 milioi). “Talka plan bat proposatzen dugu gazteen artean kalitatezko enplegua sortzeko eta beste bat iraupen luzeko langabetuak egoki artatzeko”.
• Berdintasuna (16 milioi), “erresidentzietan arreta eta lan baldintzak hobetzeko eta etxeko langileen eskubideak babesteko”.
• Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren murrizketak modu progresiboan desegitea (25 milioi).
• Klima Aldaketaren kontrako borrokan udal ekintzen finantziazioa bermatzea (100 milioi), Jasangarritasun Energetikoaren Legeak dioen moduan, Lakuak ez baitu diru kopuru hori txertatu aurrekontuen proiektuan.
EH Bilduren zuzenketak aurkezteaz gain, Jaurlaritzaren eta Podemosen arteko aurreakordioa ere hizpide izan du Iriartek. Bere esanetan, “Podemos eskuak lotuta geratu da eta uko egin dio gobernu alternatiba bat ezkerretik eraikitzeari. Hori al da ezker eraginkorra? Bai, baina ez jendearentzat, EAJren Gobernuarentzat baizik. Podemosek aurrekontuak babestea erabakita zeukan hasieratik eta prozesua antzezlan bat izan da Madrilen hartu duten erabaki hori nola edo hala janzteko”.