NUPek egindako Frankismoarekin zerikusia duten pertsonen erroldaren “zerrenda osoa” eskatu du EH Bilduk


| 2022-11-27 12:52:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak idatzizko galdera bat erregistratu du, “NUPek egin zuen frankismoarekin lotutako pertsonen izendegian zeuden pertsonak zeintzuk ziren jakiteko”. Zehazki, alderdiak galdetu du “erroldan zeuden zein pertsonen izenak kendu diren zerrendatik” eta “izendegian ageri ez ziren zein pertsonen izenak sartu ziren Batzorde Teknikoak onartutako behin-behineko erroldan”.

Era berean, talde parlamentarioak jakin nahi du “nork hartu zuen erabakia pertsona jakin batzuk kanpoan utzi eta beste batzuk erroldan sartzeko”, erabaki horietarako “arrazoiak” eta “horiek justifikatzeko txosten teknikoren bat egin zen”. Félix Huarte Goñi eta Miguel Javier Urmeneta Ajarnauteren kasuan, jakin nahi du “zein arrazoi eman ziren eta nork eman zituen behin-behineko erroldan ez sartzeko”.

EH Bilduk gogora ekarri duenez, egungo Bake eta Bizikidetza zuzendari nagusiak “jendaurrean adierazi du behin-behineko errolda berrikusiko dela, Memoria Demokratikoaren Legearen edukia ikusita”. Hala, “berrikuspen horretarako erabiliko diren irizpideak” ezagutzeko eskatu du.

Ildo horretatik, EH Bilduk “Félix Huarte Goñik eta Miguel Javier Urmeneta Ajarnautek frankismoarekin izan ditzaketen loturak argitzeko beharra” defendatu du, eta, hala berresten badira, “Memoria Demokratikoaren Legeak ezartzen dituen neurri egokiak aplikatzea” eskatu du. Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatu dio “gai honetan duen erantzukizuna bere gain har” dezala.