EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak akordioa lortu dute Foru Komunitatearen 2027ko Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko. Laura Aznal koalizio soberanistako Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak lortutako paktuaren «balio politikoa» azpimarratu du gaur egindako agerraldian, egungo egoera politikoa eta testuagatik lortutako konpromiso sozial eta sektorialak nabarmenduz.
Komunikabideen aurrean egindako hitzartzean, Aznalek eskuineko indarren mehatxuaren aurrean EH Bilduk duen erantzukizun politikoan kokatu du negoziazioa. «Bizi dugun mehatxuaren larritasunaz guztiz jabetuta gaude. Eskuinak eta ultraeskuinak ez dute beren programa ezkutatzen, eta badakigu zer-nolako atzerakada ekar dezaketen. Horregatik, ardura osoz egin diogu aurre negoziazio honi», adierazi du bozeramaile soberanistak.
Legegintzaldiko azken aurrekontuak direnez —abenduan onartuko dira behin betiko—, adostutako kontuak egungo Nafarroako Gobernuak eta datozen hauteskundeen ondoren osatuko den berriak gauzatu beharko dituzte. Zentzu horretan, Aznalek azpimarratu du EH Bilduren helburu nagusia «funtsezkoak diren zerbitzu publikoak bermatzeko baliabide nahikoa dagoela ziurtatzea» izan dela.
Hasierako proiektuaren hobekuntzak eta konpromiso sektorialak
Diputatuak onartu badu ere Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektua «ez dela EH Bilduk egingo lukeena», bere alderdiak negoziazioaren bidez izandako eragiteko gaitasuna balioan jarri du. «Beste behin, hobetu egin dugu gobernuak hasieran aurkeztu ziguna, eta eskubide sozialetan aurrera egitera bultzatu dugu Nafarroako Gobernua», ziurtatu du.
Departamentu guztietan eragina izango duten eta «pertsonak erdigunean» jartzeko helburua duten konpromiso politiko eta fiskalen artean, Aznalek neurri zehatz hauek nabarmendu ditu:
Pentsioak eta zerga-neurriak: Neurri fiskalen lege-proiektuan dedukzio fiskalak aldatzeari esker, urtean 16.660 euroko gutxieneko errenta bermatuko zaie pentsiodunei. Hau da, 1,190 euro, 14 ordainsarietan.
Etxebizitza: Expropiaziorako mekanismo berriak eta landa-eremuan jarduteko neurri zehatzak jasoko dira. akordioak Gobernua konprometitzen du dejabetze prozesuak aztertzera, edukitzaile handien etxebizitzetan bizi diren persona eta familia zaurgarriak etxegabetze arriskua dutenean. Gainera, nafar Gobernua konprometitzen da ere landa eremuan etxebizitza publiko eta eskuragarria sustatzera.
Transizio ekosoziala: lege bat garatuko da instalazio eoliko eta fotovoltaikoek zergak ordain ditzaten gure lurraldean aberastasuna sortuz. Babesleku klimatikoak sustatzen dira, eta biometanizazio proiektuak gehiago kontrolatuko dira.
Gainera, EH Bilduko bozeramaileak ziurtatu du aurreko urteetan lortutako ekarpenak aurreproiektuan sendotu egin direla. Horrez gain, aurten osasungintza, zaintza-sistema, hezkuntza, euskararen sustapena eta hezkuntza-sarean D eredua zabaltzeko indartze-neurri zehatzak txertatu dituzte.
Horrez gain, EH Bilduk Gobernuarekin adostu du gerakinaren zati baten helmuga, eta akordio honen bidez, 2026. urtean sor litekeen gerakinerako gauza bera bermatzen da.
Tramitazio parlamentarioa eta behin betiko onarpena
Akordioa sinatu ondoren, egitasmoaren tramitazio parlamentarioa abiatuko da Nafarroako Ganberan. Aznalek iragarri du EH Bilduk konpromisoa hartzen duela, Gobernuan dauden alderdiekin batera, bien adostasuna duten zuzenketak aurrera ateratzeko. Behin parlamentuko eztabaida amaituta, EH Bilduk Nafarroako 2027ko aurrekontuen onarpena ahalbidetuko du.