AKTUALITATEA


| 2025-09-01 12:36:00

Uda igaro arren, “arazo nagusiak berdinak” direla salatuz ekin dio ikasturte politiko berriari Laura Aznal EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak. Adierazi du parlamentuaren jarduera erronka sozial, ekonomiko eta politikoz betetako agenda batekin abiatzen dela, eta horrek premiazko erantzun eraldatzaileak eskatzen dituela. “Uda joan zaigu, eta gaur emango diogu hasiera ikasturte politiko berriari Nafarroako Parlamentuan. Energia berrituekin gatoz, baina sakoneko arazoek hor jarraitzen dute ”, adierazi du Aznalek.

Bozeramaileak udako gertaera garrantzitsuenetako batzuk errepasatu ditu, besteak beste, palestinar herriaren aurkako genozidioaren jarraipena, “are larriagoa azken asteetan”, eta herritarren bizi baldintzek okerrera egin dutela etxebizitzari, osasunari, industria politikei eta lan istripuei dagokienez. Aznalek ohartarazi du datozen hilabeteak jarduera legegileak ez ezik, Ikerketa Batzordearen garapenak ere markatuko dituela. Hala ere, EH Bilduren fokua beti herritarren benetako kezketan egongo dela azpimarratu du: “Intentsitate handiko ikasturte politikoa dugu aurretik. Arazo nagusiak konpontzeke daude, eta datozen hilabeteak erabakigarriak izango dira legedi mailan”.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk arazoei aurre egiteko apustua egin du, politika publikoetan benetako aldaketak eskatzen dituzten erronka gisa. 

  • Etxebizitzari dagokionez, Aznalek “eremu tentsionatuen” tresna nabarmendu du, eta Nafarroako Gobernuaren lankidetza eskatu du: “Udalak prest daude dena beren alde jartzeko. Orain ezinbestekoa da gobernuak oztoporik ez jartzea”.
  • Osasungintzan, EH Bilduk sistema publiko eta unibertsal baten alde duen jarrera argia gogorarazi du: “Osasunaren lege-proiektua hobetzeko lanean jarraituko dugu, premisa horretatik abiatuta”.
  • Industrian, koalizioa dagoeneko hasi da gobernuarekin harremanetan lege-aurreproiektuan eragiteko, eta egiturazko neurriak planteatu ditu deslokalizazioa geldiarazteko eta kalitatezko enplegua berreskuratzeko.

Ikerketa Batzordea: “Zorroztasuna, gardentasuna eta ustelkeriarekiko zero tolerantzia”

Ikerketa Batzordeko buru den EH Bilduk “zorroztasunez eta erantzukizunez” hartu du erronka. Hala ere, Aznalek salatu du batzordearen hasiera kontraesanek markatu dutela: “Onartezina da, Chivite presidenteak ‘lankidetza maximoaz' hitz egiten duen bitartean, Nafarroako eta Gipuzkoako Foru Ogasunak funtsezko dokumentazioa entregatzeko oztopoak jartzen aritzea. Espero dugu hori ez izatea ezezko baten preludioa”.