AKTUALITATEA


| 2023-06-17 14:15:00

Larunbat honetan udalak eratu ondoren, EH Bilduk 39 alkatetza lortu ditu Nafarroa osoan. Hala, alderdi subiranista “pozik” agertu da lortutako emaitzekin, “azken urteotan bai udaletan, bai Nafarroa osoan, erakundeetan eta kalean, egindako lan handiari esker lortu baitira”. EH Bilduk balioa eman die joan den hileko hauteskundeetan lortutako emaitzei; izan ere, gora egin du bai boto kopuruan (68.956, 2019an baino %21,33 gehiago), bai zinegotzi kopuruan (342, 2019an baino 22 gehiago), baita alkatetza kopuruan ere. Hala, EH Bilduk adierazi du bere lehentasunean oinarrituta jardun duela: “eskuinari ateak ixtea eta gehiengo aurrerakoiak eraikitzea, indar bozkatuenak gidatuta”.

Ildo horretan, EH Bilduk gehiengoa edukita ondoko udalerrietan alkatetzak lortu ditu: Goizueta, Araitz, Larraun, Lekunberri, Leitza, Imotz, Ultzama, Basaburua, Etxarri Aranatz, Irurtzun, Lakuntza, Arakil, Arbizu, Bakaiku, Urdiain, Uharte Arakil, Olazti, Ziordia, Atarrabia, Berriozar, Etxauri, Gares, Mendigorria, Cabredo, Bera, Doneztebe, Ituren, Lesaka, Sunbilla, Agoitz, Romanzado, Abaurreagaina eta Zaraitzu.

Era berean, EH Bildu Antsoaingo, Tafallako eta Baztango alkatetzetara ere iritsi da, hiru herrietako lehen indarra izanik eta beste indar politiko batzuekin akordioak lortu ondoren. Alderdi subiranistak Uharte eta Burlatako alkatetzak ere lortu ditu, bi udalerrietan ezkerreko indar bozkatuena izateagatik. EH Bilduk nabarmendu du Berriobeitiko alkatetza ere lortu egin duela, Plazaola taldearen babesa jaso ondoren.

Halaber, EH Bildu Erroibarko udal gobernuan sartu da, alkateorde gisa, eta Otsagabian, berriz, alkateorde gisa legegintzaldiko lehen urtean, eta alkatetzan hurrengo hiru urteetan.

Zizur Nagusian eta Vianan, boto gehien jaso dituzten indar aurrerakoiei babesa eman die EH Bilduk, Geroa Bairi eta PSNri, hurrenez hurren.

Horri guztiari gehitu behar zaizkio Atez, Arantza eta Aezkoako Batzarra, horietan ez baitzen hauteskunderik egin joan den maiatzean, eta, beraz, EH Bilduren gidaritzapean jarraituko dute datorren azarora arte.

Azkenik, EH Bilduk deitoratu egin du Eguesibarko, Barañaingo, Zangozako eta Iruñeko udalerrietan, “eskuinari ateak ixteko indar aurrerakoi bozkatuenak gidatutako gehiengo ezkertiarrak osatzeko aukera egonda, UPNk alkatetzak lortu izana”.