AKTUALITATEA


| 2025-12-02 09:37:00

EH Bildu kritiko agertu da aurtengo Nafarroako Urrezko Domina Israelgo Gobernuarekin lotura izateaz susmagarri den MTorres enpresari emateko Nafarroako Gobernuaren erabakiaren aurrean. Hala, jakitera eman du EH Bilduko ordezkaririk ez dela egonen Nafarroaren Egunarekin, abenduaren 3an, Gobernuak antolatutako ekitaldian.

EH Bildutik, lehenik eta behin, “MTorres enpresak gure lurraldean duen izaera estrategikoa aitortzen dugu, baita langile guztientzat 50 urteko ibilbidea betetzeak dakarren ospakizun-arrazoia ere”.

Nafarroako gizartea Palestinako herriaren aurkako genozidioa salatzeko behin eta berriz kalera atera den honetan eta Israelgo Gobernuari armak saltzearen aurka dagoela argi adierazi duen honetan, EH Bildutik “MTorres taldeak industria militarrean izan lezakeen kolaborazioa eta armagintza fabrikazio prozesuetan izan lezakeen parte-hartzea aztertu beharko litzatekeela uste dugu”. “Hain balio sinboliko handia duen aitortza batek, Israel herri palestinarraren aurka burutzen ari den genozidioan enpresak izan dezakeen inplikazioari buruzko edozein zalantza izpi argitzea eskatzen du”, adierazi du alderdi subiranistak ohar batean.

Gainera, Urrezko Domina aipatutako enpresari ematearen “desegokitasuna are nabarmenagoa da Nafarroako Parlamentuak bere domina Palestinako herriari emateko erabakiaren alboan”, EH Bilduren iritziz. Israelgo Gobernua sarraski bortitza egin ari da Palestinaren aurka eta, hain zuzen, hori salatzeko eta laguntza humanitarioa bidaltzeko mobilizatu diren elkarteen aitortza egitea izan du xede astelehen honetan bertan Parlamentuak emandako dominak, EH Bildutik “babestu duguna”.

Era berean, alderdi subiranistak gogorarazi du Nafarroako Parlamentuak, aurtengo ekainean, mozio bat onartu zuela, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eta Estatuko Gobernuari eskatzen baitzitzaien kanpo utz zitzatela, zuzenean edo zeharka, genozidioa, gerra-krimenak, gizateriaren aurkako krimenak edo apartheid-a osatzen duten egintzak mantentzen, betearazten edo errazten laguntzen duten jarduera ekonomiko, komertzial, logistiko edo teknologikoetan parte hartzen duten pertsona juridiko guztiak, Nazioarteko Zuzenbidearen arabera.