AKTUALITATEA


| 2022-12-22 16:23:00

EH Bildu Mundakak alkatetzarako hautagaia nor izango den ezagutzera eman du asteazken honetan. Sorne Rubio Arano izango da 2023ko hauteskundeetan alkatetzarako zerrendan lehena eta, ondorioz, alkatetzarako hautagaia.

Asteburuan zehar Mundakako EH Bilduko kideek bere hautagaitzaren inguruko bozketa burutu dute eta izendapena jada ofiziala da.

Sorne Rubio Aranok 51 urte ditu. Ingeniaritza Informatikako ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean baina berari beti gustatu zitzaion irakaskuntzaren arloa. Aukera agertu zitzaion eta 25 urte baino gehiago daramatza Batxilergo eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea izaten hainbat ikastetxetan .

Sornek EH Bilduk egindako proposamena onartu du eta alkatetzarako hautagaia izatea onartu du.

"Alkategai izateko proposamena onartu dut uste dudalako hobera zer aldatu badagoela herrian. Inertzian oinarritutako udal kudeaketa baztertzeko unea dela uste dut. Mundakak herri bezala daukan potentzialitatea aprobetxatzeko unea da, ateak zabaldu eta mundakarrokin eta herriko taldeekin batera etorkizuneko Mundakaren alde lan egiteko momentua da” adierazi du alkategaiak.

Sorneren lehen hitzak izan dira bere hautagaitza ofizial egin ondoren. Ilusio eta gogoarekin jaso du izendapena eta “hainbat pertsonaren babesa lortu ondoren erronka berri honi erantzunkizunez ekiteko asmoa” azpimarratu du. "Lanarekin, umiltasunarekin eta konpromisoarekin, guztiei nigan jarri duten konfiantza itzultzea espero dut".