AKTUALITATEA


| 2025-02-21 07:10:00

Nafarroako Administrazio Auzitegiak onartu egin du Euskal Herria Bilduk jarritako helegitea, Kultura Teknikari plazan B2 hizkuntza eskakizuna euskaraz sartzeko beharra adierazten zuena.

TANeko hirugarren atalak partzialki onartu du Mikel Kolomok aurkeztutako alegazioa, Kultura Teknikariaren lanpostuak derrigorrezko euskara eskakizuna izatearen beharraz. Horregatik, Udalak 2024an onartutako plantilla organikoa aldatu beharko du, eta 2025erako kontuan hartu beharko du ebazpen hori.

Osoko Bilkurak 2024ko ekainaren 6an hartutako erabakiaren aurka EH Bilduren bozeramaileak jarritako gora jotzeko helegitean, Kultura Teknikari (4.21) lanpostuan euskararen ezagutza (P-B2) beharrezkoa hartzea eskatzen zen.

Hala, koalizio soberanistaren ustez, Udalak atzera bota behar ditu plantilla organikoaren onarpena eta hurrengo ekitaldietarako aurreikusitako LEP deialdia. Era berean, profila 2025eko plantilla organikoan sartzeko eskatzen du.

EH Bilduk albiste positibotzat jo du TANen epaia, gobernu taldea bere euskarafobia agerian uzten ari den une honetan, bide-seinaleen errotulazioa gaztelaniaz soilik jarrita edo hiriko ikastetxeetan bertsolaritza prestakuntza programa etenda.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk Euskararen Erabilera Arautzen duen Udal Ordenantza errespetatzeko eta betetzeko deia egin du. Ordenantza horretan berariaz aitortzen da herritarrek "Administrazio Publikoetara euskaraz jotzeko" duten eskubidea.

Amaitzeko, EH Bilduk Euskararen Ordenantzaren letra eta espiritua defendatzen jarraituko duela iragarri du, eta UPNri hiri osoarekiko eta bere aniztasunarekiko errespetua eskatu dio.