AKTUALITATEA


| 2024-03-07 20:57:00

Mugimendu Feministak antolatutako Greba Feminista Orokorrak erdigunean jarri zuen Zaintza Sistema Publiko eta Komunitario baten beharra. Leioan ere, Mugimendu Feministak gizarteratu zuen gaur egungo Zaintza Sistemaren krisia eta hau aldatzeko beharra eta mobilizazio garrantzitsua egin zuen azaroaren 30ean.

Gure herrian azken hilabetetan, Zaintza sektore batzuk arazoak izan dituzte: Etxez Etxeko Laguntzaren langileak  greban egon ziren, lan hitzarmen justu bat lortzeko eta zerbitzua udalak kudeatzeko; Leioako Egoitzako langileek arazoak izan dituzte egoitzaren antolamendu berriak sortuko duen egoeragatik; Egoitza kontzertatuaren  langileek egoitza publikoekin soldata parekatzea eta ratioa igotzearen alde egin dute borroka, GAUDEko langileek , lan hitzarmenaren alde mobilizatu ziren...

Mugimendu feministak argi eta garbi interpelatzen ditu erakundeak: Zainketen negozioari amaiera emateko garaia da, eta, horretarako, zaintza-sistema publiko komunitario batean aurrera egiteko aukera emango digun Akordio Sozial bat proposatu du.

Guzti hau kontutan izanez, EH Bilduk argi du Gobernantza Feminista bultzatu behar dugula,Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa errealitate bihur dezan. Honen bidean gure herrian hurrengo lehentasunak markatzen ditugu:

- Berdintasun Kontseilua sortzea.

- Berdintasun plana garatzea eta ebaluatzea.

- Udalak Leioako Zaintzaren mapa osatzea

- Guzti hau bultzatzeko beharrezkoa da Leioan  Berdíntasun  teknikaria  izatea behingoz.

EH Bilduk, mugimendu feministak martxoaren 8rako antolatutako mobilizazioetan parte hartzera animatu nahi ditu leioaztarrei, "Gure bizitzarekin negoziorik ez! ¡Haceos cargo ya!" lemapean. Leioan 19:00etan izango da, Sakonetatik irtenda.