AKTUALITATEA


| 2025-11-26 21:32:00

EAJk eta PSEk osatzen duten Leioako Gobernu taldeak Udalerako 2026. urterako aurrekontu proiektua bidali zigun. 52 milioi eurotik gorako aurrekontua, aurreko urtean baino % 8,8 gehiago.

Aurrekontuak dira erakundeek kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko eta gizarte gisa ditugun erronkei aurre egin ahal izateko dugun tresna nagusia. Era berean, aurrekontuak justizia sozialean aurrera egiteko tresna izan behar dira.

EAJren eta PSEren aurrekontu proiektuak ez du erantzuten udalerri gisa ditugun erronka nagusiei. Ez du etxebizitza publikoaren aldeko apusturik egiten, ez ditu zerbitzu publikoak hobetzen, ez du emakumeen ahalduntzearen aldeko apusturik egiten, ez du larrialdi klimatikoari aurre egiteko beharrezko trantsizioaren aldeko apusturik egiten, ez du udalerriko gazteen aldeko apusturik egiten...

Aurten ere EAJk eta PSEk Leioarako aurkeztutako aurrekontu proiektua hobetzen saiatu gara, 3 milioi euroko zuzenketa partzialak aurkeztuz.

EH Bilduk etxebizitzari eta zerbitzu publikoen hobekuntzari lehentasuna ematea proposatu du, trantsizio ekosoziala, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, gazteei zuzendutako zaintza eta zuzenketak eta euskara eta kultura sustatzen dituzten heinean.

Etxebizitzan: Alokairu sozialeko eta zuzkidurazko etxebizitzak eraikitzea proposatzen dugu, hutsik dagoen etxebizitza mobilizatzeko plan bat, Leioa alokairu merkatuan tentsionatuta dagoen eremu izendatzea eta Leioan etxebizitza bulego bat sortzea.

Berdintasuna eta zaintza bultzatzeko neurriak proposatu ditugu: Emakumeen Etxea, Udalean berdintasun arloa sortzea, Emakume eta Kirol Plana, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua publiko egitea, seguruak ez diren puntuak kentzea (argiztapen faltagatik)...

Larrialdi klimatiko batean gaude, eta honi ere tokian tokiko eskalan egin behar zaio aurre: Leioako Ingurabide Berdea sortzea proposatu dugu (Lamiakoko hezegunea eta Kurkudiko basoa berreskuratuz), udal-eraikinetan energia berriztagarriak instalatzea, kontsumoa murrizteko plan bat, gure bilketa-tasak hobetzeko udal-hondakinen plana, Leioako babesleku klimatikoen sarea...

Era berean, gazteentzako eta Leioan euskararen erabilera sustatzeko beste proposamen batzuk aurkeztu ditugu. Gazte Faktoria, gazte ikuskizunak Ondiz Dorrean, Korrikaren ekitaldiak finantzatzea, kirolean euskararen erabilera hobetzeko plana...

Ideia hauek herritarrengandik eta tokiko asoziazionismotik helarazi dizkiguzue, badakigu lehentasunezko erronkak direla eta Udalak hauei aurre egin behar diela. Gure asmoa da gobernu-taldearekin akordio batera iristea, eta horrela helarazi diegu gure iritzia gai horietan akordio estrategiko bat lortzen badugu. EAJk eta PSEk akordioari uko ez egitea espero dugu. Herritarrak izango lirateke galtzen aterako liratekeenak.