AKTUALITATEA


| 2019-05-08 15:32:00

Ikusirik Kristau Eskolan eta AICEn bildutako itunpeko ikastetxeetako lan gatazkak konpondu gabe jarraitzen duela eta gaur eta biharko greba jardunaldiek konponbidea oso urrun dagoela erakusten dutela, EH Bilduk ezinbestekotzat eta premiazkotzat jo du Hezkuntza Sailak behingoz bere ardurari heltzea eta lidergoa hartzea gatazka desblokeatzeko. Hori dela eta, Rebeka Uberak legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean helburu horrekin. “Parlamentuak patronalaren eta sindikatuen artean bitartekaritza lanak egiteko eskatu zion martxoan Jaurlaritzari, baina honek muzin egin dio agindu horri eta eskuak garbitu baino ez du egin. Hezkuntza Sailaren arduragabekeria itzela da eta bada garaia dagokion erantzukizunez jokatzeko eta behingoz esku hartzeko. Gobernuak ezin du ahaztu itunpeko irakaskuntzaren ardura ere berari dagokiola, hezkuntza sistema osoaren arduraduna delako eta ikastetxe horiek finantziazio publikoa jasotzen dutelako”.
EH Bilduren ekimenaren arabera, Hezkuntza Sailak lidergoa hartu behar du gatazka desblokeatzeko eta esku hartu behar du patronalaren eta sindikatuen arteko akordio bat sustatzeko. Uberak proposatu duenez, bi aldeek adostasunak bilatu behar dituzte langileen birkokapenaren eta soldaten inguruan, betiere kontuan hartuta azken urteotan eroste ahalmena galdu dutela, akordioaren iraupena eta lanpostuen kontsolidazioa. Halaber, akordioak, dio Uberak, “lan pertsonalerako erreserbatutako ordu osagarriei buruzko planteamendu bat jaso beharko luke”.