AKTUALITATEA


| 2019-06-21 14:19:00

~~EH Bildu eta Elkarrekin Podemos talde parlamentarioek Legebiltzarreko Mahaiak uztaila habilitatu dezala eskatu dute Nekane Murga Osasun sailburua Osasun Batzordean ager dadin, bertan argitzeko nolako jokatu duen haren Sailak Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoaren auzian. Rebeka Ubera eta Cristina Macazaga legebiltzarkideek behar-beharrezkotzat jo dute uztaila habilitatzea, Legebiltzarrak lehenbailehen ezagutu behar dituelako Murgaren azalpenak.
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeetako legebiltzarkideen iritziz, “Osasun Sailaren jokabidea ezbaian dago, berak eginiko barne ikerketan bildutako dokumentazio osoa lehenengo minutuan fiskalaren eta epailearen esku utzi beharrean, hainbat grabazio eta agiri gorde zituelako eta ez zituelako epaitegira bidali epaileak berak espresuki eskatu arte. Hori dela eta, lasai asko uler daiteke Osasun Saila, ikerketa bultzatzen lagundu ordez, oztopatzen saiatu dela”.
“Lan Eskaintza Publikoan gertaturiko irregulartasunak epaitegian daudenetik argitaratu den informazioa ezagututa, agerikoa da Osasun Sailak ez diola Justiziari behar bezala lagundu oposizioetan jazo dena argitzeko eta horretan egon daitezkeen ardurak, politikoak barne, zehazteko; Murgaren Departamentuaren borondate falta argia da”, Ubera eta Macazagaren esanetan.