Legebiltzarra

Albisteak

EH Bilduk Barakaldoko Larrea ikastetxean proiektu-pilotu bat martxan jartzea proposatu du, inklusioa xede


Rebeka Uberak premiazkotzat jo du Hezkuntza Sailak neurriak hartzea Larrea eskolak pairatzen duen estigmatizazioa larria delako.

| 2019-05-10 13:27:00

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean Barakaldoko Larrea Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean inklusioa sustatzeko eta eskola horrek egun pairatzen duen estigmatizazioa gainditzeko. Zehazki, Rebeka Uberak inklusioa xede izango duen proiektu-pilotu bat abian jartzea proposatu du hezkuntza arloan zein sozialean esku hartzeko. Proposamenaren arabera, horrelako proiektuetan eskarmentua duten unibertsitateko ekipoek parte hartuko lukete eta, horretarako, Hezkuntza Sailak lankidetza hitzarmenak sinatu beharko lituzkete Euskal Herriko Unibertsitatearekin edota Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearekin.
Uberak proposamena aurkeztu du Barakaldon zenbait ikastetxe estigmatizazio arazo larriak pairatzen ari direlako eta, haien artean, Larrea delako okerren dagoena. EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, premiazkoa da Hezkuntza Sailak politika ausartak martxan jartzea eta neurri eraginkorrak hartzea, egoera hori iraultzeko. Uberak azpimarratu du helburu hori lortzeko ezinbestekoa izango dela Jaurlaritza elkarlanean aritzea Barakaldoko gainerako erakunde eta eragileekin; beraz, Barakaldako Hezkuntza Mahaia sortzea proposatu du, bertako hezkuntza komunitate osoa elkarlanean aritu eta proiektu komunak abiatzeko.
Halaber, Hezkuntza Sailari eskatu dio aztertu dezala ea aukera dagoen Larrea Ikastetxeak praktika onak partekatzeko eta elkarlanean aritzeko inklusio sozialaren eremuan Katalunian urteetako ibilbidea duen Magnet sarearekin.