AKTUALITATEA


| 2020-02-12 14:00:00

EH Bildu zur eta lur geratu da gaur goizean ikusi duenean Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Eudelek euskara ikastea doakoa izateko akordioa iragarri dutela. Rebeka Uberak salatu duenez, “lotsa gutxi behar da domina hori jarri nahi izateko EAJ bera izan denean euskara doan ikasteko eskubidea bermatzeko EH Bilduk aurkeztu zuen lege proposamenaren tramitazioa nahita eta etengabe oztopatu duena. Lotsagarria eta larria da hain garrantzitsua izango zen lege bat eragoztea herritarren interesei interes alderdikoiak gailentzen zaizkielako eta are lotsagarriagoa da gaur EAJ, legea onartzea galarazi duen alderdi bera, akordio horrekin ateratzea propaganda eta elektoralismoa egin nahian. EAJk argi utzi du bere helburuak ez direla ez euskara ez gizartea, horren guztiaren gainetik bere interes alderdikoiak jartzen dituela”.
Uberak gogora ekarri duenez, EH Bilduk 2018ko urriaren 17an aurkeztu zuen Gasteizko Legebiltzarrean euskara doan ikasteko eskubidea bermatzeko lege proposamena, eta geroztik EAJk horren tramitazioa oztopatu eta atzeratu du. “Orain argi dago zergatik. Arazoa ez zen proposamenaren edukia; kontua zen EAJk ez zuela legea adostu nahi, horrek behin legealdia amaituta propaganda eta elektoralismoa egiteko aukera emango ziolakoan, gaur egin duen moduan. Euskara ikasten ari direnen eskubideak baino, bere interes partikularrak lehenetsi ditu”.
Eta gainera, kritikatu du Uberak, Jaurlaritzak iragarri duen akordioa motz geratu da. Izan ere, euskara doan ikasteko eskubidea aitortu eta horretarako behar diren mekanismoak abian ipini beharrean, diru-laguntzak emango dituela iragarri du, B2 mailara arte bakarrik –C1eraino iritsi beharko luke– eta baldintza zehatz batzuen arabera. “Hori ez da doakotasuna, diru-laguntzen sistema bat baizik. Praktikan, akordio horren arabera, euskara ikastea ez da doakoa izango B2 mailara arte”, ohartarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak.