AKTUALITATEA


| 2019-11-14 13:57:00

EH Bilduk kezka adierazi du 2020ko Aurrekontu Proiektuan Gobernuak “gauza bat esan, eta beste bat egin” duelako. Aurrekontu Proiektuaren Zuzentarauak aurkeztu zituztenean, berdintasuna, aldaketa klimatikoaren kontrako neurriak edota kalitatezko enplegua aipatu zituzten, besteak beste. “Hitzak oso erraz esaten dira, baina gero benetako finantziaziorik ez baldin badaukate, hutsean geratzen dira. Behin zenbakiak aztertuta, sailburuen azalpenak entzunda, uste dugu horixe egin duela Jaurlaritzak: Diskurtsoa aldatu du, beste zelofan bat ipini dio eta zenbakiak beste modu batez ordenatu ditu, baina aurrekontuen mamiak, edukiak, bere horretan jarraitzen du, aldaezin, iaz bezala”, adierazi du Maddalen Iriartek.

EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du, adibidez, ez dagoela dirurik Legebiltzarrak onartutako Jasangarritasun Energetikoaren Legea betetzeko. “Legeak 100 milioi euroko funtsa aurreikusten zuen, eta derrigorrez bete behar da. Non daude aldaketa klimatikoari aurre egiteko 100 milioiak? 2020ko Aurrekontu Proiektuan ez daude”.

Bestetik, Gobernuak behin eta berriro saldu du proiektua genero ikuspegiarekin egin dela, baina zenbakiak begiratuta, ez dago diru gehiago berdintasunerako. Era berean, ez dira aurreikusten pentsionisten beharrei erantzuteko neurri berriak, ezta kalitatezko enplegua bermatzeko ere.

Beraz, aurrekontuetan hitzak aldatu dituzte, baina zifrak ez. Etiketa aldatu nahi izan diote, salmenta hobea izateko, baina produktua bere horretan mantendu dute. Horregatik, Iriartek Azpiazuri galdetu dio: “Zer egiteko prest dago Gobernu hau? Zer aldatzeko prest dago aurrekontuak adosteko?”. EH Bilduko bozeramaileak iragarri du proposamen bat prestatzen ari dela aurrekontuak aldatzeko, eta adierazi du eskua luzatuta daukala Gobernuarekin akordio bat bilatzeko. “Hori bai, Gobernua aurrekontua aldatzeko prest ez badago, iaz gertatu zen bezala, ez da akordiorik egongo”.