Larrabetzu

UDAL FORU FUNTSA ETA ZORPETZEAREN INGURUKO MOZIOA

Azaroko plenoan onartuta. Ehbilduren botoakaz. EAJ-PNV kontra bozkatu zuen

| 2020-11-26 12:38:00

EH BILDUK LARRABETZUKO UDALEAN AURKEZTEN DUEN MOZIOA UDAL FORU FUNTSA ETA ZORPETZEAREN INGURUAN

EHBILDUren botoakaz onartuta. EAJ-PNV kontra bozkatu zuen

 

COVID19aren pandemiak sortutako krisiak gogor eragin du udalen egunerokotasunean, eta batez ere, udalek 2020rako eginiko aurreikuspenetan. Udalek beraien aurreikuspenak alde batera utzi eta beste lehentasun eta beharrizan batzuei egin behar izan diete aurre: herritarren osasun segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea, garbitasunean zerbitzu gehigarriak ezartzea, gizarte politiken arloan sortutako beharrizan berriei erantzutea, herrietako komertzio eta zerbitzuei laguntzea,... Alarma egoeraren ondorioz udal zerbitzu asko bertan behera uzteak ere galera ekonomikoak eragin ditu udaletan.

 

Inbertsioak berrantolatzeaz gain, udalek diru sarreretan ere aldaketak jasango dituzte: batetik, tasa eta prezio publikoen bitartez lortzea aurreikusten zituzten sarrerak murriztuko dira; eta bestetik, foru finantza funtsaren bidez jaso beharko luketen diru kopurua ere asko murriztuko da. Udalek finantziazio egonkorra eta nahikoa behar dute.

 

Bizkaiko aldundiak erabaki zuen udalei 2020rako bideratzea aurreikusten zen foru funtsetik %20 murriztuko zitzaiela azken bi hiruhilekoetan. Baina 2020ko urriaren 15ean egindako Finantza Kontseiluan diru bilketa %13,3 jaitsiko zela adierazi zen.

 

Honez gain, udalek foru funtsa hauen likidazioa negatiboa izanez gero, 2021. urtean malgutasuna behar dute hau ordaintzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak berriki onartu duen ildotik. Bestetik, udalek dituzten erronkei aurre egiteko zorpetzeko aukera izan behar dute.

 

LARRABETZUko udalbatzak ondokoa adosten du:

 

1. Bizkaiko oru Aldundiari eskatzen dio, azaroan egingo den foru funtsaren ordainketa 2020ko urriaren 15eko Finantza Kontseiluan informatutako aurreikuspenekin koherentzian burutu dadila. Hau da, azken hiruhilekoaren ordainketan aurreikusitakoaren %13,3ko jaitsiera aplikatu dadila gehienez; eta era berean, aurreko hiruhilekoan egin ziren murrizketak (%20rainokoak) konpentsatu daitezela udalen aldeko saldoa ordainduz.

 

2. Bizkiko Foru Aldundiak 2020ko foru funtsaren behin betiko likidazioa egiterakoan Foru Aldundiaren aldeko saldoa egonez gero, udalek hurrengo 3 urteetan ordaindu ahal izateko aukera eman dezala eskatzea.

 

3. Bizkaiko Foru Aldundiari Udalen zorpetzeko aukera zabal dezala eskatzea, zorpetzeko ahalmena udalekin %50ean elkarbanatuz. 4. Erabaki hau Bizkaiko Foru Aldundiari eta EUDELeri eta herritarreei jakinaraziko zaio.

EHBILDUREN MOZIOA ONARTUTA PLENOAN

BIZKAIKO BELAUNALDI BERRIKO BANDA ZABALEKO SAREAK HEDATZEKO DIRU-LAGUNTZEI BURUZKO MOZIOA

| 2020-11-26 12:00:00

Azaroaren 25ean egindako plenoan, Ehbilduren botoakaz (EAJ-PNV kontra bozkatu zuen) onartutako mozioa:

BIZKAIKO BELAUNALDI BERRIKO BANDA ZABALEKO SAREAK HEDATZEKO DIRU-LAGUNTZEI BURUZKO MOZIOA

LARRABETZU Udaleko EH Bildu taldeak ondoko MOZIOA aurkezten du hurrengo Osoko Batzarrean eztabaidatua izan dadin:

ARRAZOIKETA

Bizkaiko Foru Aldundiak urriaren 6an argitaraturiko 88/2020 Foru Dekretuak 2020. urtean Bizkaiko Lurralde Historikoko biztanle gune sakabanatuetan belaunaldi berriko banda zabaleko sareak hedatzeko diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onesten ditu, eta horien arabera, diru-laguntza horien onuradunak telekomunikazio-operadoreak soilik izan daitezke. Belaunaldi berriko banda zabaleko sareak biztanle guztiengana hedatzeko asmoa eta interesa udalek ere badituzte.

Zentzu horretan, garrantzitsua da udalek ere digitalizazio-prozesuan parte-hartzea. Bestalde, internet bizkaitar guztion eskura egon dadin, baliabide ekonomikoen falta sortutako arrakala digitalari ere aurre egin behar diogu.

Hori dela eta, LARRABETZU Udaleko EH Bildu taldeak ondoko Mozioa aurkezten du:

MOZIOA LARRABETZUko Udalak eskatzen du

1. Bizkaiko Foru Aldundiari belaunaldi berriko banda zabaleko sareak garatzeko diru-laguntzetako lerroa zabaldu dezala, udalei zuzenduta, beraiek sare publikoak gara ditzaten.

 

2. Eusko Jaurlaritzari, beste erakundeekin elkarlanean, arrakala digitala gainditzeko eta kalitatezko Internet zerbitzua herritar ororentzat bermatzeko neurriak har ditzaten.

 

3. Eusko Jaurlaritzari. Aldundiari eta herritarrei akordioaren berri ematea LARRABETZU, 2020ko azaroaren 11an

EUSKARAREN ALDEKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

| 2020-11-26 07:41:00

LARRABETZUKO UDALAN ONARTUTAKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA.

2020KO EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNERAKO ADIERAZPENA

Euskara, aurrerabide Gizartea euskaraz biziberritzea helburu Inoiz inork pentsatuko ez zukeen eran jo gaitu gaitzak. Beste horrenbeste, gaitzaren ondorioek. Mundu osoa, gizarte guztiak, egitura guztiak, pertsona guztiok jarri gaitu geure benetako neurriaren aurrean, buruz buru. Kupidarik gabe utzi du agerian ahaztu nahi genukeen zerbait: zaurgarriak gara; zaurituta gaude.

 

Erantzukizunaren bidetik heldu diogu erronkari, denon indarrak batuz. Bai baitakigu ez dagoela beste irtenbiderik. Euskararen hiztun elkarteak ere sufritu du pandemiaren eragina, bereziki erabilera mailan. Zentzu horretan, erakunde publikoen konpromisoa sendoa eta egindako lana handia izanagatik ere, ezin izan diogu nahi bezala erantzun.

 

Euskaldunok, baina, ezin dugu ahaztu badela funtsezko ekarpen bat, gizarte-ahalegin itzel eta miresgarri horren osagai ezinbestekoa eta geure esku soilik dagoena: euskaraz egin behar diogu aurre mundu mailako krisiari; euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako. Euskaraz bat mundu osoarekin.

 

Horixe da euskaldunok –neurri batean edo bestean euskaraz bizi garen munduko herritarrok, alegia– euskara gero eta gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiliz giza garapenari egiten diogun ekarria. Gizarte kudeaketa aurreratuari gaineratzen diogun balio erantsia.

 

Banaka heltzen diogu, jakina, euskaraz gero eta gehiago bizitzeko konpromisoari. Nahitaezko zutabea baita norberaren eginahal hori edozein aurrerabidetan, oso bereziki gizarte prozesu konplexuetan, eta horixe da euskara biziberritzea helburu duena ere: gizarte prozesu konplexu bat, ertz eta osagai ugari duena.

Ongi asko dakigu hori mundu osoko euskaldunok.

Badakigu, besteak beste, euskaldunok euskararen hiztun elkartea osatzen dugula, eta Euskaraldian norberaren erabakimenetik abiatzen dela euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzerakoan inguruan hainbatetan sortzen zaizkigun oztopoak gainditzeko bulkada.Baina badakigu, era berean, ezinbestekoa dugula elkarrengana biltzen gaituen bulkada ere. Norabide biko bektorea baita euskara eta euskaldunok lotzen gaituena: euskarak herri egiten gaitu; euskal hiztunon komunitateak egiten du euskara orainaren eta etorkizunaren hizkuntza.

 

Bide horretatik heldu zaizkio beti euskarari aurrerapauso behinenak: norberaren eta gizartearen konpromisoak sendo uztartzetik; unean uneko beharrizanei euskaraz erantzuteko erabaki sendotik; etorkizunerako bidea euskaraz zolatzeko euskal instituzioek, gizarteak eta gutariko bakoitzak egindakotik.

 

Euskaraldiak eskaintzen digu aurten berriz ere zailtasunak aukera bilakatzeko abagunea, krisia aukera bihurtzeko lanabesa. Ingurumari aldrebesean dator, ezbairik gabe, aurtengoa, eta horrek areagotu egingo du guztion eta bakoitzaren konpromisoaren balioa, administrazio eta erakunde publikoena barne.

 

Aurtengoan, balio berezi batez apainduko da ahoa bizi, belarria prest eta bihotza kartsu dugun guztion ekimena. Aurtengoan, inoiz baino erabakigarriagoa izango da euskararekiko gertutasunezko keinu praktiko oro, euskal hiztunongandik zein euskararen zabalkundean erdaretatik lagundu nahi dutenengandik datorrela ere. Esanahi berezi batez jantziko da aurten, ezinbestez, euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko ahalegina: egokitu zaigun ataka larritik ateratzeko erabakiari, euskaraz ateratzearen ezinbestekotasuna erantsiko diogu euskal hiztun nahiz euskararen lagun orok. Izan ere, bagenekien euskaraz zetorrela geroa, euskaraz ere mintzo dela etorkizuna, eta aurten beste zerbait ikasi dugu: egoera zailetatik ateratzeko eginahalean lagungarri dugu euskara, bidelagun ezinbestekoa.

 

Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara ere aurrera egiteko lanabes gisa. Honenbestez, Larrabetzuko Udalak Euskararen Nazioarteko Egunaren edizio berri honen aldeko udal sostengua agertu gura du.

 

Era berean, Euskararen Nazioarteko Egunean, aldarrikapena eta konpromisoa adierazi gura diegu Larrabetzuko herritarrei ezeze, euskal herritar guztiei. Euskal Herriko berezko hizkuntza den euskara Euskal Herri osoan ofiziala izatea aldarrikatzen dugu eta honako konpromisoak hartzen ditugu:

1- Gure herrian euskararen ezagutzaren, erabileraren eta sustapenaren alde lan egiten duten elkarte eta erakundeak laguntzen segitzeko konpromisoa.

2- Larrabetzuarrei euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera zein laguntzak ematen jarraitzeko konpromisoa.

3- Larrabetzuko Udalean euskara zerbitzu hizkuntza, lan hizkuntza eta komunikazio hizkuntza izan dadin urraturiko bideari eusteko konpromisoa.

 

Euskaraz biziberritu behar dugulako geure gizartea.

Euskararen ahotsa zor diogulako munduari.

Euskaraz garelako munduko herritar.

Euskara aurrerabidea delako.

Azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko eguna.

Larrabetzuko EHBILDUren adierazpena

| 2020-11-25 11:40:00

Egun garrantzitsu honen harira, Larrabetzuko EH Bilduk honakoa adierazi nahi du:

 

Indarkeria matxista bizi dugun sistema patriarkalaren adierazpide gorena da; ondoriorik larriena. Sistemaren ernamuinean eta patriarkatuaren DNAn dago: egiturazkoa da eta sistemak funtzionatu dezan ezinbesteko tresna da. Laburrean esanda: indarkeria matxista gizon eta emakumeen arteko botere harremanei eusteko eta birproduzitzeko beharrezko aldagaia da.

 

Uste dugunaren kontra, ez da salbuespeneko gertakizun bat, ezta urrunekoa ere. Bazterrekoa izatetik urrun, indarkeria matxistak Euskal Herriko herritarren bizitza baldintzatzen du, egunero-egunero. Harekin bizi gara, eta, askotan, kosta egiten zaigu naturaltzat eta normaltzat jotzen ditugun jokamolde, harreman eta egituren atzean indarkeria dagoela identifikatzea. Ezkutukoa izateagatik, baina, auzia ez dagokio eremu pribatuari. Arlo sozial, politiko, kultural, juridiko, ekonomiko eta ideologikoan, guzti-guztietan, azaleratzen da: lanean, etxeetan, ikastetxeetan, aisialdian... edonon eta edonoiz jardun behar gara haren kontra. Horregatik, eta gure herriko emakumeen bizitzak zeharkatzen dituelako, Larrabetzuko EH Bildurentzat lehentasunez heldu beharreko auzia da.

 

Izan ere, tamalez, Larrabetzu ez da salbuespena. Hemen ere era askotako eraso matxistak izan dira urte luzeetan zehar. Guk, mugimendu politiko eta sozial gisa, ozen adierazi nahi dugu iragan urrunean zein hurbilean jazo diren eraso matxistak guztiz gaitzesten ditugula; eta bide bera hartuko dugula etorkizunean ere. Norabide horretan, argi utzi nahi dugu erasoren bat jasan du(t)en / jasaten ari d(ir)en emakumeei gure babes osoa emango diegula, eta ez dugula onartzen ez onartuko eraso matxista pairatu eta beren hitza zein jarrera kolokan jartzen duen (dituen) jardunik; ezta erasoa jasan duenaren mina edo zama areagotu dezakeen jarrera edota iruzkinik.

 

Jakin badakigu, indarkeria matxista egiturazkoa den heinean, arazoa denongan dagoela, eta sistema eta gizarte patriarkal honetan bizitzeak nahiko genituzkeenak baino ondorio sakonagoak dituela gu guztiongan eta baita geure komunitatean ere. Hori horrela, aurrera urratsak egitea beharrezkoa da, gogoeta eta autokritika pertsonal zein kolektiboak eginez. Konpromiso hori hartua dugu geuk ere: egoera iraultzea herritar guztion erantzukizuna dela jakinik, EH Bilduk jarrera aktiboa izatea beharrezkoa delakoan gaude, eta bide horretan gure buruak jantzi eta aurrera urratsak egiteko konpromisoa hartzen dugu.

 

Pixkanaka bada ere, bidea urratzen hasiak gara! Feminismoz blaitu eta sistema heteropatriarkalaren ondorioei heldu beharrean gaude. Gure burua eraldatuz, gizartea eraldatzea dagokigulako. Asko dugu ikasteko, hausnartzeko eta deseraikitzeko. Baina are gehiago eraikitzeko, sortzeko, asmatzeko eta bizitzeko. Bide horri ekiteko prest gaude, konpromisoz eta ilusioz.

Ekin diezaiogun denok batera!

Gora Euskal Herria Feminista!

EMAKUMEAK BABESTEKO

Politika feminista eta integralak

| 2020-11-25 08:32:00
Indarkeria matxistaren aurrean, EmakumeakBabesteko politika publiko feminista eta integralak martxan jarri behar dira!

ALBISTEAK

AZAROKO PLENOA

2020-11-24 07:36:00

Azaroaren 25ean

JENDEA BABESTEKO ESKAERAK

2020-11-23 08:36:00

Ehbilduk, 2021eko Estatuko aurrekontu orokorrak babestuteko eskaerak

AURREKONTUAK 2021

2020-11-23 07:41:00

AZAROAK 25, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA EZABATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA

2020-11-20 09:01:00

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA