IRITZIAK

Historiaren alde egokian zaude

Paul Laka Garamendi | 2024-06-05 19:34:00

Mundua amildegitik behera doala diote batzuek, Europa buru. Baina horrela al da halabeharrez? Egia da aro aldaketan gaudela, eta hegemonia amerikarra gainbeheran doan honetan, mendebaldea zentroan kokatu izan duten indar-harremanak desagertzen doaz.

Datuen arabera, 2030erako munduko lau ekonomia nagusietatik hiru hegoalde globalekoak izango dira, eta denbora ez oso luzean orain arte azpiratuak izan diren zenbait lurraldek munduko BPGaren %55a ordezkatuko dute. Honen ondorioz, II. Mundu Gerra ostean eraikitako joko arauak berrosatzen ari dira, baita arkitektura juridiko-diplomatiko osoa ere. Lurrikara beraz, ez halabeharrezko amildegira saltoa.

Gu, lur ezegonkorrean nahasturik eta bere etorkizuna era buruaskian gidatu ezinean dabilen Europa batean bizi gara. Bide propioa markatu ezin horretan, berriro ere AEBen morroi lanetan ari den Europa da egungoa, OTANekiko dependentzian sakontzen doana. Berriro ere 2008ko krisiaren osteko erantzun austerizidak ematera bidean doan kontinentea da gurea. Eta hau dena, demokraziaren pribatizazio etengabeko ariketan, herritarron beharrei bizkar emanda interes tipoak igotzea bere kabuz erabakitzen duen Banku Zentralaren Europan.

Zoritxarrez, kaos honen aurrean badago erantzunak eskuin muturrean topatzen ahalegintzen denik. Baina erradikalismo itxurak egiten dituen eskuin erreakzionarioak egungo panorama beltzean sakontzea besterik ez du ekarriko. AEB eta eliteenganako menpekotasun otzana elikatzen jarraituko du, militarismoa hauspotuz herrien arteko gerra etengabeak eraginez. Eskubideen unibertsalizazioan atzera egin eta austeritate politikak indartzera datoz. Eta hau dena, martxan dagoen demokraziaren pribatizazioan sakonduz, behin eurek boterea hartu ostean honen monopolioa mantentzeko. Erratzen da bere interesak babestuko dituela uste duen langilea.

Erantzun egokiak ezkerretik datoz, edo hobe esanda, ezker subiranista eta independentistatik. Ez da kasualitatea ezkerrak hauteskundeak irabaz ditzakeen herrialde bakarra Irlanda izatea, Sinn Feinen eskutik. Gu ere garaipen horren isla izan gaitezke, EH Baiko kideen babesa duen EH Bilduren eskutik.

Zatiturik eta dekadentzian daudenen aurrean, guk gero eta indartsuagoa den ezkerra ordezkatzen dugu. Alternatiba sistemikorik eskaintzeko gaitasunik ez dagoen Europan, gehiengoen interesen alde borrokatuz soluzioak ematen dituena. Aspaldi ekin genion oinarrizko printzipio batzuen gainean aliantza zabalak eraikitzeari, minimoetako programetan oinarritutako fronte zabalak eratzeari. Salbuespen testuinguru honetan, ez baitago beste biderik elkarrekin erreakzio faxistari aurre egitea baino.

Eta zentzu horretan, Europan indartsu egongo den EH Bildu bat behar dugu, hain zuzen gehiengoen artikulazioa eta ezberdinen arteko aliantza antifaxista eraikitzeko bokazioa eta gaitasuna dugulako. Europar ezkerraren arteko aliantzak sortzeko bokazioa duen ezkerra da gurea. Guk europarlamentari bat ez, aliantza horiek eraikiko dituen ekipo oso bat nahi dugu Bruselan, munduan enbaxada eta kontsulatu gehien dituen hirian, nazioarteko ezkerreko aliantzak sendotu daitezkeen gune zentralean, naziorik gabeko herrien ahotsa ozen entzun dadin lor daitekeen espazioan.

Eta bide horretan, zu zeu, keinu erraz batekin, borroka honen parte izan zaitezke. Ez izan zalantzarik, historiaren alde egokian zaude. Ekainaren 9an bozkatu Orain Errepublikak, bozkatu EH Bildu.