Etxe feministaren bila

Ane Larrakoetxea Vivar | 2021-09-20 09:50:00

Esan dugu. Errepikatu dugu. Getxoko emakumeok* espazio feminista propioa nahi eta behar dugu! Gaurkoan ez dut teorizazio sakonetan sartu nahi; askotan korronte, diskurtso eta teoria antzu eta korapilatsuetan galtzen baikara. Gaurkoan azaletan bizi eta gordetzen duguna adierazi nahiko nuke.

Abuztu bukaeran egun feminista antolatu zuen mugimendu feministak Getxon eta Portu Zaharrean 30 bat emakume* elkartu ginen. Aurkezpen ronda bat egin ostean, munduko 10 herrialde baino gehiagoko topagunea sortu genuela konturatu ginen: Bolivia, Argentina, Uruguay, Guatemala, El Salvador, Filipinak, Txile, Peru, Nikaragua, Paraguay, Frantziar estatua, Euskal Herria… Herrialde ezberdinetako dantzak eta hizkuntza zapalduetako hitzak elkarri irakasten aritu ginen. Arropa merkatu inprobisatua ere antolatu genuen, desfile eta guzti. Barre egin genuen.

Konturatu ginen emakume* izatea ez zela elkartu gintuen ezaugarri bakarra. Kultura eta hizkuntza gutxitu eta zapalduetako herritarrak ginen; langile prekarizatuak, sektore feminizatuetan lan egitera behartutakoak; mota ezberdinetako indarkeriak jasan izandakoak; gazteak izateagatik gutxietsitakoak; heldu(egiak) izateagatik gutxietsitakoak; heteroarauaren legeak hausteagatik seinalatuak izandakoak; azalaren koloreagatik jazarritakoak.

Elkartu ginen bakoitzaren gorputza zapalkuntza batek, bik, batzuek edo denek zeharkatzen zutela konturatu ginen eta zapalkuntza horiei guztiei aurre egiteko espazio komunak behar ditugula ondorioztatu genuen.

Getxoko PNV eta PSEk legegintzaldi bat baino gehiago daramate hitza ematen herrian Emakumeen Etxea egongo dela. Dagoeneko ez gara harritzen euren iruzurkeriaz. Getxon emakumeen* etxe bat behar dugu, bai. Baina ez edonolako etxea; gureak etxe feminista izan behar du: herriko emakumeon* problematikei behetik, bazterretatik eta ezkerretik helduko dien espazioa. Eta noski, mugimendu feministaren aitortza egiten duena.

Gure aldetik presionatzen eta norabide horretan lan egiten jarraituko dugu, behingoz herri honetan espazio feminista propio bat lortzeko. Bide hau beste legegintzaldi batez luzatzeko hautua hartzen badute, gure hautu propioa egingo dugu guk!  

ALBISTEAK

Getxoko Udalak aniztasun funtzionala duten pertsonentzako gizarteratze zerbitzua kendu du

2021-10-13 11:29:00

Getxoko Udal gobernu taldeak aniztasun funtzionala duten pertsonei laguntzeko zegoen gizarteratze zerbitzua kendu du.

San Martin etxean ludoteka bat sortzeko proposamena aurkeztu du EH Bilduk

2021-10-06 19:08:00

Algortako San Martin udal eraikinean ludoteka bat sortzeko proiektua aurkeztu du EH Bilduk. Urriaren 15ean umeen ekarpenak jasotzeko bilera irekia antolatu dute bertako parkean.

OHZ herritar guztiei igotzearen kontra, eta etxebizitza huts eta turistikoei igotzearen alde

2021-09-29 11:08:00

EH Bilduren iritziz, orain ez da momentua getxoztarrei presio fiskala handitzeko, kontuan hartuta osasun-krisiak sortutako krisialdi ekonomikoa.

Oligopolio elektrikoari aurre egiteko mozioa aurkeztu dugu Getxoko Udalean

2021-09-27 10:25:00

Subiranotasun energetikoa aldarrikatzeaz gain, urriaren 8ko itzalaldi masibo eta kazola-jotzeagaz bat egiteko deia egingo du.