AKTUALITATEA


| 2024-02-29 09:48:00

Udalak egindako azken adierazpenen aurrean, ondorioztatu behar dugu, tamalez, P. Muguruzaren eskolekin zer egin erabakitzeko jarraitu beharreko prozedurari buruzko jarrera-aldaketa bat zirudiena, aldez aurretik hartutako erabaki bat hobeto saltzeko ahalegina besterik ez dela izan.

EH Bilduk sarritan adierazi du P. Muguruzaren eskolaren etorkizunari buruzko erabakia bi printzipiotan oinarritu behar zela: herritarren parte-hartzean eta erabaki arduratsu bat hartzeko beharrezkoa den informazio guztia eskuratzean. Zentzuzko eskaera horren aurrean, udal gobernuak erreakzionatu egin du bi elementuak barne hartzen dituen kontakizuna eraikiz, baina modu behartuan, anakronikoan eta partzialean.

Herritarren parte-hartzeari buruz

Jakina da egiten den galdera motak eragin zuzena izaten duela sortzen diren erantzunetan. Udalak irekitako parte-hartze prozesua eskola eraisteak sortutako espazio libre berriekin zer egin behar den galderaren inguruan antolatu zuen. Beraz, ez gaude alternatiba desberdinen aukera eta bideragarritasuna aztertzera bideratutako prozesu baten aurrean. Argi eta garbi, eraikina eraisteko udalak aldez aurretik hartutako erabakia berresteko prozesu bat da.

Horri gehitzen badiogu prozesuan parte hartzeko gonbidatua izan behar zinela eta ez dela deialdi publikorik egin, ezin da esan prozesuak prozesu ireki eta demokratiko bati eska dakizkiokeen gutxieneko baldintzak bete dituenik.

Beharrezko informazio teknikoari buruz

Udalak txosten tekniko integrala egiteko konpromisoa hartu zuen, baina esan behar dugu guri helarazi digutena aurretik egindako txosten tekniko partzialen bilduma baino ez dela. Txosten horiei sinadurarik gabeko txosten bat gehitu zaie, aipatutako txostenei erreferentzia egiten diena, eta, besteak beste, esplizituki onartzen duena ez dagoela sotoaz gain eraikina ere barne hartzen duen txosten tekniko integralik: “Eraikina mantentzea planteatuz gero (…) egiturazko azterketa eraikin osora zabaldu beharko litzateke.”

Ondorioa

Beraz, tokiko gobernuaren azken adierazpenak hartutako erabakia apaintzeko estrategiak besterik ez direla ikusita, EH Bilduk herritarrei irekitako parte-hartze prozesu bat abian jartzeko beharrari eusten dio, betiere alternatiba desberdinen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa baloratzeko beharrezkoa den informazioaren eskuragarritasuna bermatuz.

Gure proposamen zehatza

EH Bildutik, aurretik esandakoa kontuan hartuta, Elgoibarko Herritarren Partaidetzarako Araudian oinarritutako partaidetza-prozesu bat proposatzen dugu. Prozesu horren abiapuntua bi fasetan garatuko litzatekeen partaidetza-prozesuaren emaitza errespetatzeko udalaren konpromisoa izango litzateke:

1. fasea: herritarrek parte hartzeko prozesu puntuala

Lehenengo fase honen helburua izango litzateke alternatiba ezberdinak aztertzeko prozesu baten ondoren atxikimendu handiena jasoko duten bizpahiru proiektuak hautatzea, beharrezko txosten teknikoetan eta bideragarritasun-azterlanetan oinarrituta.

Nahi duten herritar guztiek parte hartu ahal izango dute, banaka edo antolatutako edozein taldetako kide gisa. Ordezkari politikoek, edozein kasutan, banaka parte hartuko dute, edozein herritarrek bezala.

Beraz, gaiarekin lotura zuzena duten pertsona eta erakundeentzako gonbidapen zehatzez gain, deialdi orokor bat egingo da herritar guztien parte-hartzea bermatzeko.

2. fasea: Herri-kontsulta

Udalak herri-galdeketa bat egitea erabakiko du, 1. fasean hautatutako bi edo hiru aukeretatik zein egingo den gauzatuko dena erabakitzeko. Argi dago Hautesle Erroldan inskribatutako herritar guztiek kontsultatuak izateko eskubidea izango dutela.