AKTUALITATEA


| 2022-09-28 13:15:00

FCC Ingurumena enpresako langileek ─enpresa hori da udal-eraikinak garbitzeko zerbitzuaren adjudikazioduna─ hilabeteak daramatzate pairatzen duten lan-prekarietatea salatzen: ekipamendu eskasa, kontziliazioa eragozten duten ordutegiak, aldi baterako kontratazioak, lan-osasuneko arazoak eta abar.

Hori dela eta, ikusita Udal Gobernuak aurten eraikinak eta lokalak garbitzeko kontratuaren lizitazio-agiri berria egiteko prozesua hasi duela eta agiri horrek zerbitzuaren baldintzak arautzen dituela eta, aldi berean, FCC enpresaren eta langileen arteko hitzarmen kolektiboaren negoziazioa baldintzatzen duela, Enpresa Batzordea hilabeteetan eta hainbat bidetatik saiatu da –azkena gure taldearen bitartez, uztaileko batzordean– Gobernuak langile horiei entzun diezaien, haien aldarrikapenak kontuan har ditzan eta aldarrikapen horiek lizitazio-dokumentu berrian jaso daitezen.

Sindikatuetako ordezkarien arabera, proposamenen helburu nagusia beti izan da kalitateko zerbitzua bermatzea eta langileentzat –emakumeak gehienak– lan-baldintza duinak izatea; kale-garbiketako langileek –batez ere, gizonak dira– eta haiek duten hitzarmenaren arteko kontratu-aldeak (soldata-arrakala, plusak, jaiegunen parekatzea) desagerraraztea; eta, azkenik, ekipamenduan eta lan-errutinetan aldaketak egitea, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Baina, azkenean, Udal Gobernuak hurrengo kontrataziorako (2023) lizitazio-agiria argitaratu duenean, hara non ikusi dugun, 2018ko agiriarekin alderatuta, 2. sortari atxikitako eraikinetan, langileen baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean, kontrakoa egitea erabaki dela: orduak murriztea (295).

Ondorioz, garbiketa-orduak gutxitzearekin batera, Udal Gobernuak zerbitzuaren kalitatea murriztu eta langileak pobretuko ditu; langileek ordu gutxiago lan egitea erabaki du, eta horrek haien lan-egoera okertzea dakar; gainera, erabaki du udal-eraikin asko, besteak beste haurtzaindegiak, lehen hezkuntzako ikastetxeak, Emakumearen Etxea, kultura-etxeak eta erretiratuen etxeren bat, lehen baino gutxiago garbitzea.

Ezin ulertuzkoa da Udal Gobernu honek oso feminizatua dagoen funtsezko sektore baten kontura aurreztea dirua. Ezin ulertuzkoa da, orobat, ikastetxeak garbitzeko aurrekontua murriztea, espazio sentikorrak dira eta.

Eta, erabaki hori onartezina denez, eraikin horien arduradunak eta erabiltzaileak suminduta eta kezkatuta ere badaude, eta hala jakinarazi diote Udal Gobernuari, hainbat bidetatik.

Kezka guztiz justifikatua dago; izan ere, argitaratu berri den baldintza-agirian jasotako kasu batzuk aipatzearren, nola justifika dezake Udal Gobernuak sei haurtzaindegitan astean 5, 10 edo 15 ordu murriztea garbiketa-zerbitzua? Edo zer argudio ematen du Intxaurrondo Hegoa lehen hezkuntzako ikastetxeari garbiketa-zerbitzua astean 60 ordu murrizteko, garbitu beharreko azalera aurreko baldintza-agirian baino handiagoa bada (+ 669,22 m2)? Nola azalduko diete gobernu honetako arduradunek Emakumeen Etxeko milaka erabiltzaileei –eraikin hori berez da oso kaskarra– gehiegi iruditzen zaiela astean 17,5 ordu behar izatea hura garbitzeko eta astean 10 ordura murriztuko dela zerbitzua?

Horiek horrela, hau da nire INTERPELAZIOA:

  • Udal Gobernuak zergatik erabaki du lizitazio-agiri berrian udal-eraikin batzuk garbitzeko orduak murriztea, kontuan izanda murrizketa horrek langile askoren lan-kalitateari eragiten diola eta, aldi berean, garbiketa-zerbitzuaren kalitatea nabarmen murrizten duela?

  • Gobernua ohartzen al da baldintza-agiri horretan egindako aldaketekin langile askoren lan-baldintzak okerragotzen direla? Eta ba al daki, planteatutako murrizketa horiekin, ezin dela bermatu udal-espazio horien garbiketa egokia, eraikin horietako jardueraren arduradunek adierazi bezala?

  • Zergatik uste du nahikoa dela haurtzaindegietako eta ikastetxeetako mahaiak astean hiru aldiz trapu bustiarekin garbitzea, baldintza-agirian adierazten den bezala? Gobernua ohartzen al da jantoki bateko haur txiki-txiki batzuez ari garela ?

  • Udal Gobernu honek berma al dezake, baldintza-agirian planteatutako ordu-murrizketarekin, ondo garbituko direla udal-eraikin guztiak, hala nola haur-eskolak eta lehen hezkuntzako ikastetxeak, jakinik bikain garbitu behar direla lekuok, denok dakigun bezala, oso erraz kutsatzen delako haietan?

  • Zergatik erabaki du Udal Gobernuak, sektore horretako langileen lan-prekarietatearen eta jasaten duten soldata-arrakalaren jakitun izanik, haien egoera are gehiago prekarizatzea?

  • Udal Gobernuak ezagutzen al ditu murrizketak jasan dituzten eraikinetako arduradunen erreklamazioak? Zer irizten die?