Busturiko Udalak, udal gobernuak bultzatutako ekimen batetan, bizitegi-eraikinetako beheko solairuko lokaletan etxebizitzen ezarpena arautzeko udal-ordenantza bat idatzi behar duela jakin izan dugu azken asteetan, eta horretarako kontsulta publikoa egiteko deialdia egin du udalak.
EH Bildutik urteak daramatzagu esanez etxebizitzaren arazoa busturitarrok dugun arazo handienetakoa dela, handiena baldin ez bada. Hari horretatik tiraka, erraz ulertu daiteke orduan gure aldetik, arazo honi konponbideak emateko urrats oro aurrerapauso gisa ikusten dugula. Txalotzen ditugula etxebizitza duin eta eskuragarriak lortzeko balio duen ekimen oro.
Horregatik hain zuzen ere, deialdi honi erantzun eta gure iritzia plazaratu dugu. Lokaletan etxebizitzak ezartzeko udal ordenantza honek izan behar dituen ezaugarriak, eta garrantzitsuagoa akaso, igaro behar ez dituen mugak gure ustetan zeintzuk diren argi esan diogu EAJ-PNVri eta orain herri osoari.