AKTUALITATEA


| 2023-03-01 08:27:00

Kontrako bidea hartzen ari da Jaurlaritza, eta batez ere  Osakidetzako lehen arreta zerbitzua ari da ondorioak jasotzen, erabiltzaileek eta  osasun arloko profesionalek. Osakidetzako lehen arreta gainezka dago. Horri  irtenbidea eman behar zaio eta hor jarri behar dau arreta administrazioak, bere  erantzunkizun zuzena da eta.

ADIERAZPENA

  1. Bizkaiko Egitura Sanitario Integratuen artean, Barrualdeko ESIa da eremu geografiko zabalena hartzen duena (eta ez bereziki garraiobide onenekin). 300.000 biztanle baino gehiago bizi gara bertan (sei bailara, 70 udalerri). ESI honetan kokatzen da Busturia gure udalerria eta Usansoloko Ospitalea da guretzako erreferentziazko ospitalea, gure herritik, gitxi gora behera, 30 kilometrora dagoena.
  2. Osasun-arreta, orohar, honela antolatzen da. Betiere, ESIetako biztanle kopurua kontuan hartuta, oinarrizko eta konplexutasun gutxiko zerbitzuak (ohikoenak) deszentralizatzen dira, eta zerbitzua herritarrengana hurbiltzen da, ahalik eta arreta indibidualizatuena emateko. Konplexutasun eta espezializazio handienetako prozeduretarako zerbitzuak, ordea, zentralizatu egiten dira espezializazio handienetako ospitaleetan. Gure erreferentziazko ospitalea, hots, Galdakao-Usansolokoa 5. ospitalea da EAEn dauden 12 akutuen ospitaleetatik, bai biztanle kopuru aldetik, ohe kopuru aldetik, azpiegituraz eta artatzen diren zerbitzu espezializatuen aldetik. Baina historikoki, Galdakao-Usansoloko Ospitaleak eduki duen eta gaur egun ere duen osasun-arretaren gabezia nabarmenetariko bat da ez izatea oinarrizkoak diren pediatria eta erditzeen eremu bat. EAEko 12 ospitaleetatik 7k badute pediatria eta erditze gune bat, baina gure ospitaleak ez. Ginekologiako zerbitzu bat badugun arren, ez dago ez pediatria zerbitzurik, eta, honen ondorioz, erditzeak artatzeko gunerik ere ez.
  3. Egoera horrek zuzeneko eragina du gure herritarren osasun-arretan. Batetik, gure herriko umeek ospitaleko larrialdi bat edo ingresu bat behar dutenetan, Gurutzetako Ospitaleraino jo behar dute, 45 kilometrora, eta ondorioz, gurasoak etengabeko joan-etorriak egitera derrigortuta daude, haurrek gurasoen presentzia behar-beharrezkoa baitute egoera zaurgarri horietan. Bereziki azpimarragarria, familia zaurgarrientzat suposatzen duena (distantziak, trafiko askodun errepideak hartu beharra, lan-baldintzak, garraiobideen eskuragarritasuna, ordutegiak, ordaindutako parkinen diru-gastuak, etengabeko joan-etorriak..). Bestetik, gure herriko emakume haurdunak ez dagokien eta ezezaguna zaien beste ESI bateko ospitalera joan behar izaten dute erditzera: Gurutzetako Ospitale erraldoira, besteak beste. Horren aurrean, emakume askok erabakitzen du ospitale txikiago batera joatea bertan eskaintzen zaizkien abantailen bila (Mendaroko Ospitalea edo Arrasateko Ospitalea, kasu). 
  4. Azken urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoan, Europako beste herrialdeetan bezalaxe, erditze-eredua asko ari da aldatzen (besteak beste, emakumeen aldarriei esker), eta gomendio, bibliografia eta legedi berriak atera dira erditze-unea eta -prozesua gehiago zaintzeko (beharrezkoa ez den medikalizazioa ekidin eta arreta gizatiarragoa izateko batik bat). Osasun-arretan orohar eta erditzeetan bereziki, artatze indibidualizatuak inpaktu oso handia du bizi-kalitatean eta bizi-esperientzian. Hau dela eta, ospitaleen egitura, prozedurak eta artatzeko erak ere eredu-aldaketa horretara egokitzen ari dira apurka-apurka. Azken urteetan, gure ospitale batzuetako espazioak berrantolatu eta egokitu dituzte, intimitatea eta mugimendua ahalbidetzen duten espazioak sortzeko eta gorputz-jarrera desberdinak hartu ahal izateko tresna eta gailu berriak erabiltzen hasiak dira (hala nola, aulkiak, pilotak eta sokak). Gainera, Arabako eta Gipuzkoako zenbait ospitaletan, zehazki; Txagorritxu, Zumarraga, Arrasate, Mendaro eta Donostiako Ospitaleetan, ebidentzia zientifikoaren arabera onuragarriak diren bainuontziak ezarri dituzte (minak leuntzeko baliagarriak dira, ondorioz analgesia gutxiago behar izaten da). Bizkaiko ospitaleetan aldiz, ez dugu bainuontzidun ospitalerik. 
  5. Gipuzkoako antolakuntzan, esaterako, oinarrizkoak diren pediatria eta arrisku baxuko erditzeak deszentralizatuak daude, Bizkaian ez bezala. Bizkaian, biztanle gehiago bizitzeaz gain, Gurutzetako Ospitalean eta Basurtuko Ospitalean (bainuontzirik ez duten bi ospitale publiko handienetan) artatzen dira Bizkaia osoko erditze guztiak. Ospitale horietan, erditze asko artatzen dira egunero, izan arrisku handiko erditzeak nahiz arrisku baxukoak, denak leku berean. Emaginen eta ginekologoen lan-jarduna baldintzatzea dakar horrek, arrisku baxuko erditzeen arreta indibidualizatuaren kaltetan, lehentasuna arrisku handikoek baitute. 
  6. Egunkarian irakurri dugunez, Osasun Sailak  28.000.000 euro bideratuko ditu Usansoloko Ospitalean 30.000 m2-ko eraikin berri bat eta aparkalekuak eraikitzeko. Eraikin berri honetan kokatuko dira 19 espezialitatetako kanpo-kontsultak, medikuntzako ikasleentzako irakasgunea, administrazioko bulegoak, liburutegia eta etxez-etxeko ospitalizazio zerbitzua. Horren ondorioz, ospitaleratzeko eraikina asko arinduko da, eta espazio berri zabalak sortuko dira, hobekuntzak egiteko. Baina hobekuntza horien artean, ez da aipatu ez pediatria zerbitzurik, ez arrisku baxuko erditzeak artatzeko gunerik. Usansoloko ospitaleko gabezi historiko hauek betetzeko unea soilik, obrak dakartzan espazioaren berregituraketa une hau izan daiteke. 
  7. Eskualdean kalitatezko osasun publikoa bermatzeko, Gernikako ospitalean  zerbitzu desberdinak eskaintzea,  indartzea eta oheak ipintzea.

Honegatik guztiagatik, MOZIO HAU aurkezten dugu:

Osasun Sailak Usansoloko ospitalean obrak egingo dituen une honetan:

  1. Gure herriko emakumeen erditze-momentu zaurgarri hori babesteko eta haien erabakiei eta beharrizanei eta gure herriko umeen larrialdiei eta ospitaleratzeei gure erreferentziazko ospitalean erantzun ahal izateko, Busturiko Udalari eskatzen diogu bat egitea Galdakao-Usansoloko Ospitalean oinarrizko pediatria eta gaur egungo gomendioak betetzen dituzten arrisku baxuko erditzeak artatzeko guneak ezartzeko ekimenarekin.
  2. Eskualdean kalitatezko osasun publikoa bermatzeko, Gernikako ospitalean  zerbitzu desberdinak eskaintzea,  indartzea eta oheak ipintzea.
  3. Busturiko udalari eskatzen diogu, Barrualdeko ESIan mozioaren alde dauden beste udaletxeekin batera, Osasun Sailarekin harremanetan jartzea, eskaera honen aldeko jarrera izan eta lan egiteko.

Denon esku dago osasun-arreta hobetzea, herritarron ongizatearen alde egiteko. Hau da unea!