AKTUALITATEA


| 2022-02-02 16:51:00

2003tik aurrera, emakumeonganako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 101 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian. Zenbaki onartezin honen atzean izenak eta izanak daude. Erauzitako bizi proiektuak. Bereziki memorian gorde nahi ditugu, 2021ean zehar erail dituzten Erika Tavares, Conchi Gonzalez, Aintzane Pujana, Maria Pilar Berrio Jimenez eta Miarritzeko 75 urteko bizilaguna. 

 

Urte honetan ere bereziki aipatu nahiko genuke, izebergaren punta diren erailketa hauetaz gain, ohikoak bilakatu direla gizonezkoek taldean egiten dituzten bortxaketei buruzko salaketa publikoak. Hala ere, eraso bakoitzaren aurrean, hauek salatu dituen Mugimendu Feminista saretu bat atera da kalera. Gaurko egunean ere, talde hauen lana eta ezinbestekotasuna azpimarratu behar dugu. 

 

Urte luze hauetako lana izan da Indarkeriari maskara kentzea. Ez da lau zororen kontua. Sistema patriarkal sendo baten ondorioa baizik. Indarkeria matxistei buruz egindako makro-inkestak datu larria mahai-gaineratu zuen: bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar. 

 

Istanbulgo Hitzarmena ekarri nahi dugu gogora, urte luzeetan zehar Mugimendu Feministak egindako Indarkeriaren ikuspegi zabalpena bildu zuen lehen tresna loteslea. Hitzez hitz esaten du "emakumearen aurkako indarkeriagatik" ulertu beharko dela giza eskubideen urraketa bat eta emakumeen aurkako diskriminazio modu bat, eta generoan oinarritutako indarkeria-ekintza guztiak izendatuko direla, emakumeentzat kalte edo sufrimendu fisiko, sexual, psikologiko edo ekonomikoak dakartzatenak edo eragin ditzaketenak, ekintza horiek egiteko mehatxuak barne, hertsapena edo askatasuna arbitrarioki kentzea bizitza publikoan edo pribatuan.

 

Azaroaren 25ean, nazioarteko tresna lotesle hau aintzat hartuta, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, eta, hori ez ezik, indarkeria sorrarazten duten eragile guztien aurka ere bagaudela esatekoa. Bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.

 

Indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, hala nola ukitzeak; ahozko lizunkeriak; publizistek eta mass-mediek emakumeen gorputzari ematen dieten erabilerak; mezu eta adierazpen sexistak; janzkera, jendarte-sareen erabilera edo lagunartea kontrolatzea, eremu publikoa (eskolako patioak, jolastokiak, parkeak) askatasunez okupatzeko zailtasunak; edota emakume eta gizonen arteko berdintasuna zuzenean erasotzen dituzten administrazio-erabakiak. Bigarren estadio batean, sexu-erasoak eta eraso fisikoak egongo lirateke, eta, esparrurik bortitzenean, erailketak.

 

“Normaltasunera” bueltatzen ari garela zabaltzen ari den egun hauetan, Indarkeria Matxista pairatzen duten horientzat, ordea, ospatzeko normaltasunik ez dagoela adierazi beharrean gaude. 

 

Gutariko bakoitzari dagokigu egoera hori aldatzea, eguneroko zereginetan hasiz, gure inguru hurbilenean jardunez. Eta gure kasuan, Busturiko Udaletik horretarako beharrezkoak diren baliabide tekniko, ekonomiko eta politikoak aktibatzeko konpromisoa hartu behar dugu, berdintasun-unitateak sustatuz eta haiei laguntza eskainiz, berdintasun-teknikarien egonkortasuna edo kontratazioa bultzatuz, edota emakumeen parte-hartzerako guneak sustatuz hala nola, emakumeen etxeak eta txokoak, ahalduntze-eskolak, jai parekideak eta abar.

 

Guzti honengatik, indarkeria matxista gertakarietan funtzionamendu protokoloek erabiltzen dituzten mekanismo guztiak egokiak izatea da giltza; beti ere, indarkeria mota hau pairatzen duten emakumeen ahalduntzea helburu duten ikuspuntu batetik. Horretarako, instituzio publikoez gain, gai honetan adituak diren pertsonen eta mugimendu feministen parte hartzea  beharrezkoa da ezarritako protokoloekin lagundu dezaten, eta azken batean, berdintasunezko etorkizun baterantz abiatu gaitezen.

 

Nabarmendu nahi dugu, azken aldian, sare sozialetan eta espazio publikoetan, kide feminista askoren kontrako jazarpen handia ari garela ikusten. Ez da kasualitatea. Espazio publikoa hartu eta diskurtso eraldatzaileak mahai gaineratzen dituzten emakume feminista hauek jazartzea, antolatutako gorroto eta indarkeria matxista kanpaina baten ondorioa da. Eremu digitalean gertatu diren jazarpen kasu hauek gutxitzera jo izan dugu, baina duten garrantzia eta emakume hauen jarduna eteteko duen asmoa salatzeko garaia da. Horregatik, lerro hauek erabili nahi ditugu, espazio horietan dauden kideei haien lana eskertu eta alboan gaituztela esateko.

 

Mugimendu Feministak, egun honen bueltan antolatuko dituen mobilizazioetan eta ekimenetan parte hartzeko deia egiten amaitu nahi ditugu lerro hauek.

 

PROPOSAMENA :

 

1.- Busturiko Udal honek, Emakumeen Munduko Martxak bultzatutako indarkeria matxistaren aurreko erantzun-protokoloa bere egiten du.

2.- Busturiko Udal honek ez du murrizketarik egingo 2022eko berdintasun-aurrekontuetan, eta gainera, berdintasun-unitateak egonkortzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du.

3.- Busturiko Udal honek, indarkeria matxistan zuzen aritzen diren sail eta profesionalen arteko elkarlanaz eta instituzioen arteko koordinazio egokiaren errefortzuaz arduratuko da, betiere sistematizazioa eta arreta-ibilbidearen hedapen egokiak bermatuz.

4.- Busturiko Udal honek larrialdietako alerta-mekanismoak indartuko ditu, larrialdietan erantzuna bizkortzeko eta bermatzeko.

5-  Busturiko Udal Foru Aldundiari eta Emakunderi  eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko.

6.- Busturiko Udal honek eremu ezberdinei (hedabideei, enpresei, hezkuntza-zentroei...) zuzendutako indarkeria matxisten prebentzio eta salaketa kanpainak abiatuko ditu, eragina-ebaluazioa jasoz.

7.- Busturiko Udal honek ziberindarkeria eta ziberjazarpena prebenitzeko eta erantzuteko estrategiak landuko ditu, indarkeria matxisten egungo egoeraren analisiari erantzuteko.

8.- Busturiko Udal honek Jai giroan eman litezkeen erasoei erantzuteko eta hauek prebenitzeko protokoloa sortzeko, eta hau Mugimendu Feministarekin eta Jai Batzordearekin batera egiteko konpromisoa hartzen du. 

9.- Busturiko Udal honek herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu.

10.- Busturiko Udal honek indarkeria matxistarekin zerikusia duten baliabide, zerbitzu eta prozedura guztiak, administratiboak nahiz judizialak, publikoak, doakoak eta ez diskriminatzaileak direla bermatzeko dei egiten du.

11.- Busturiko Udal honek, neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak abian jarriko ditu, hainbat gai jorratu ahal izateko, besteak beste, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab., 10 urtetik gorako neskei eta nerabeei zuzendutako autodefentsa feministako tailer iraunkorrak ere jasoz.

12.- Busturiko Udal honek, herriko mutil eta gizonei zuzendutako lanketa berezituak abiatzeko konpromisoa hartzen du, afektibitatea, harreman ereduak, maskulinitate ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak, eta parekidetasuna lantzeko besteren artean; eta horretarako programa zehatzak aktibatzeko konpromisoa ere hartzen du.

13.- Busturiko Udal honek, indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidearen alde guztiak (tartean, egiaren hedapena, kalte-ordainketa, akonpainamendu soziala edo ez errepikatzeko bermea) lantzeko programa iraunkorrak, eta osasun egoerari egokitutakoak,  martxan jartzeko dei egiten du, besteren artean arlo ezberdinei zuzendutako protokoloak, memoria historikoa berreskuratzea, omenaldiak, jardunaldiak, tailerrak, ikerketak, zineforumak, bisibilizazio ekimenak (kaleen izenak, kasu)... jasoz.

14.- Erakunde honetatik, hau da, Busturiko udaletik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.