AKTUALITATEA


| 2023-08-08 12:24:00

Orain gutxi irakurri dugu prentsan Abiña auzoko egoera eskasa dela eta auzokideek egindako salaketa. Egia esateko, ez dugu egunkaririk irakurri behar jakitun egoteko, egunero ikusten baitugu: irisgarritasun arazo handiak daude, errepidea zuloz beterik dago, oso estua da eta ibilgailuek eta oinezkoek partekatu behar dute, arrisku egoerak sortuz, batez ere orain, udan, hondartza inguruan dabilen jende kopurua biderkatzen baita. Gutxi ez balitz, saneamendu azpiegiturak arazoak sortzen ditu euria egiten duenean, eta uholde arriskua ere badago.

Eta zer egiten ari da Busturiko Udal gobernua? Ezer ere ez. Gainera, aurten ezingo du gauza handirik egin, joan den uztailean onartutako 2023ko udal aurrekontuak ez duelako aurreikusi horretarako partidarik. Ez Abiñarako ezta beste ezertarako ere: 2023ko aurrekontuak aurreikusi dituen inbertsiotako partida bakarrak 2022ko urtean hasitako lanak amaitzeko dira.

Busturiko EH Bilduren ustez, arduragabekeria handia da uztailera arte aurrekonturik ez onartzea, eta are handiagoa inbertsiorik batere ez aurreikustea. Horregatik gure zinegotziek aurrekontuaren kontrako botoa eman zuten.

Urte oso bat galduta. Urte oso bat gehiago Abiña auzoko arazoei irtenbidea eman barik, klima larrialdiari aurre egin barik, feminismoan edo memoria historikoan aurrera egin barik… Funtsean, beste urtebete gehiago udal gobernuak bere gain hartu beharko lituzkeen ardurak eta zereginak bete barik.