Joan den ostiralean, maiatzak 29, Bat Egin eguna ospatu genuen Burlatan, militantzia bildu eta
tarte atsegina pasatzeko asmoarekin. Mertxe Aizpurua, EH Bilduko Madrilgo bozeramailearekin
eta hainbat bilkiderekin batera, herrian egin diren proiektu eta ekimen ezberdinak partekatzeko
gustua izan genuen. Gora Burlatako kideek 2021eko abenduan herria kolpatu zuten uholdeen ondorioz
antolatu zuten auzolana azaldu ziguten; baita dendetan, atarietan eta udal-eraikinetan
garbiketa-lanak nola dinamizatu eta kudeatu zituzten ere.
Berta Arizkun Burlatako alkateak Nogalera 2025 izeneko proiektu berria azaldu zigun, Arga ibaiaren ertzetako uholdeen inpaktua murriztuko duen lubeta atzera eramatean datzana. Jarraian, Euskal Herria Peñara joan ginen, aurten 50 urte bete baititu bere ibilbideari ekin zionetik. Han, elkartearen sortzaileekin batera, urte haietako testuinguru historikoa eta Burlatako elkarte, gizarte eta kultura-ehunarentzat zer izan zen partekatu zuten.
19:00etan, Larrañeta plazan, solasaldi bat egin genuen. Bertan, Mertxek bere zeregin militante,
kazetari, alkate eta diputatuaren ibilbidea egin zuen, eta hamarkada hauetan guztietan
bizitakoaz, orainaz eta etorkizunari aurre egiteko moduaz duen ikuspegia partekatu zuen. Oso
aberasgarria izan zen bere ibilbideari buruz hain zintzo hitz egiten entzutea, kolektiboan eta partekatzen dugun proiektu politikoan begirada galdu gabe.
Solasaldiaren ondoren, arratsaldeko topaketaren zatirik festatsuenari eman zitzaion lekua,
trikiak eta pandero jotzaileak alaiturik, poteoa egin genuen herrian zehar. Oso pozik gaude.
Beste behin ere, militantzia lana eta konpromisoa ez ezik, hau ere badela adierazi zigun Bat Egin
egunak: topo egitea, elkar entzutea eta elkarrekin ibiltzea. Eskerrik asko Burlata!