Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan elkarrizketatu dute Burlatako alkate Berta Arizkun.
Burlatako etorkizuna diseinatzeko herriko plan estrategiko bat garatzeko prozesua martxan jartzeko asmoa iragarri du Burlatako alkate Berta Arizkunek gaur goizean Euskadi Irratian. “Hainbat proiektu ditugu martxan, baina orain plan estrategiko garatzeko prozesua martxan jarri nahi dugu, herriak eskatzen duelako eta Burlatak behar duelako. Guztion artean egin beharreko lana da, etorkizuneko Burlata diseinatzeko. Oraingo eta etorkizuneko lana bideratzeko ezinbesteko tresna izango dela uste dugu. Gure herria eta herritarren lana hobetzeko anbizioa dugu, eta horretan jarriko dugu indar guztia”.
Azken hiru urteetan egindakoak izan ditu hizpide alkateak Faktoria saioan: “Irisgarritasuna hobetzeko hainbat proiektu egin ditugu, pixkanaka bidegorriak ezartzen ari gara herrian. Herriaren itxura eta garbitasuna hobetzeko neurriak hartu ditugu eta hartzen ari gara. Burlata uholdeetatik babesteko proiektu bat egin dugu (Nogalera 2025), eta ibaiak gainezka egiten badu, eragina murriztea ekarriko du. Herri komunitate energetiko bat martxan jartzea bultzatu dugu, eta hainbat parte hartze prozesu martxan jarri ditugu”.
Datozen hilabeteetan hasiko dira Erripagañako kirol instalazioak egiteko obrak
Legegintzaldi hasieran esan bezala, Burlatako Udalak kirol azpiegitura berria egingo du Erripagaña auzoan aurten: “Obrak datozen hilabetean hastea espero dugu”. Arlo juridiko, finantzario eta sozialean denboran zehar egindako balorazio iraunkor baten ondoren, EH Bilduk Erripagañako etorkizuna konpontzeko proposamena plazaratu zuen ekainean, zeinak proposatzen duen auzoa Iruñean integratzea eta beste hiru udalerrietarako (Burlata, Uharte eta Eguesibar) konpentsazio-sistema bat ezartzea. Proposamena nabarmendu eta bere inplementazioa zehazteko, proposamena gainontzeko udal taldeekin lantzen ari direla azaldu du Arizkunek: “Prozesuarekin hasi gara, eztabaida mahai gainean dugu. Uda bukatuta beste alderdiak deituko ditugu berriro, prozesuarekin jarraitzeko. Adostasun zabalak lortu nahiko genituzke”.
“Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko plan eta proiektu sektoriala bultzatu zuen momentuan, bertako herritarren beharrak ez zituen ongi planifikatu. 2010ean joan ziren lehenengo bizilagunak, eta, adibidez, haur eskola pasa den urtean jarri zuten martxan eta osasun etxea orain egiten ari dira. Ziurrenik udalek ez dugu oso ongi asmatu, baina egoera honetan zaila izan da”, aitortu du alkateak.
Burlatako jaien balorazio ona
“Egitaraua normaltasunez garatu da, parte-hartze handia izan da jai-gune nagusietan eta ez da gorabehera aipagarririk izan. 23.000 pertsona parte hartu dute Burlatako Udalak antolatutako jardueretan. Herrikoiak eta anitzak dira gure festak, Burlata aintza den bezala”.