Bilbo

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren egoerarekin kezkatuta, EH Bildu Bilbok premiazko neurriak eskatu ditu, langileen eta erabiltzaileen osasuna bermatze aldera

EH Bildu Bilbok gutuna bidali die Juan Ibarretxe, Gizarte Ekintza Saileko zinegotzi arduradunari, eta zerbitzua eskaintzen duen enpresetako bati, bere kezka Bozeramaileen Batzordean agertu ondoren

| 2020-03-26 10:48:00

Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen egoerarekin kezkatuta dagoela adierazi du EH Bildu Bilbo udal taldeak eta beharrezkoak diren premiazko segurtasun neurriak jartzeko eskatu du, langileen zein erabiltzaileen osasuna bermatze aldera. Izan ere, egunero koronabirusarekin kutsatzen diren langileak gero eta gehiago dira.  Aipatu gaia Bilboko Udalaren Bozeramaileen batzordean behin da berriz mahaigaineratu ondoren, EH Bildu Bilbok gutunak bidali dizkie Juan Ibarretxeri, Gizarte Ekintza arloko zinegotzi arduradunari, eta Aztertzen enpresari, zerbitzu hori eskaintzen baitu Udalak eskainitako lau sailetako bitan.

Gutunean, EH Bildu Udal taldeak Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako arloari, zerbitzu publiko honen erantzule nagusia den heinean, “premiazko neurriak har ditzala eskatzen dio eta horiek martxan jarri ahal izateko beharrezkoak diren baliabide guztiak enpresaren esku jar ditzala”. Era berean, enpresari eskatzen dio “prebentzio-neurri handiagoak ezar ditzala, langileei eskatzen ari diren baliabide guztiak emanez, hala nola maskarak, mantalak edo osasun- eta prebentzio-zerbitzuek gomendatutako beste edozein elementu, beren lana modu egokian egin ahal izateko, haien eta erabiltzaileen osasuna bermatuz".

EH Bildu Bilbok gutunean gogoratzen duenez, osasun larrialdi egoerari aurre egiteko elkarrekin lan egiteko borondatea agertu du, eta, krisi honen hasieratik, bozeramaileen batzarraren bidez, “une honetan pertsonen zaintzara zuzendutako zerbitzuen esparruak lehentasuna" izan behar duela nabarmendu du.

"Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak ezinbesteko zeregina duela ulertuta, arreta ematen jarraituko dela bermatzeko eta zerbitzua indartzeko premiazko neurriak hartu behar direla azpimarratzen ari gara, erabiltzaileen eta langileen osasuna uneoro bermatuz”, adierazi du EH Bildu Bilbok.

Aldiz, ohartarazi duenez, "gero eta erabiltzaile gehiago ari dira euren zerbitzuak bertan behera uzten, kutsatuak izateko beldurragatik, segurtasun bermerik ez dagoelako". Ildo horretan, udal taldeak azaltzen duenez, EH Bilduk "askotan helarazi du, emaitzarik gabe", etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileek emandako informazioa, izan ere, “langileek ohartarazi dute aplikatzen ari diren protokoloak ez direla nahikoak; segurtasun-neurri eraginkorrenak erabiltzaileek birusaren sintomak agertzen dituztenean soilik ezartzen baitira".

Ondorioz, Ibarretxe zinegotziari eta Aztertzen enpresari bidalitako gutunean azaltzen denez,  “koronabirusak kutsatutako langileen kopuruak gora egiten du egunetik egunera", eta hori gertakari “larria" da, "ez bakarrik euren eta inguruko pertsonen osasunagatik, baita haiekin harremanetan egon diren erabiltzaileen segurtasunagatik ere, gehienak arrisku-taldeetako adinekoak, bereziki kalteberak COVID-19ren aurrean". "Egoera hori zuzentzen ez bada, katean kutsatze gehiago eragingo du, horrek dakarren arriskuarekin", azpimarratu du.

Langileak entzun

Horregatik guztiagatik, EH Bildu Bilbo Udal taldeak bere kezka agertzen du, premiazko neurriak eskatzen ditu, eta bai Gizarte Ekintzako zinegotziari bai enpresari dei egiten die Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak, gehienak emakumeak, aurrez aurre entzutera, haiek baitira "zerbitzua ahalik eta modurik onenean ematen jarraitzen dutenak, nahiz eta baldintza kaskar horietan lan egiteak arrisku handia izan haien eta haien senideen osasunean”. "Orain inoiz baino beharrezkoagoa da behar duten arreta eta babesa ematea", nabarmendu du EH Bildu Bilbok.

Eskerrik asko Bilbo! Horrela segi!

| 2020-03-24 12:35:00

Aste bete igaro da honezkero, gure buruari erregimen gogor hau
aplikatu genionetik  eta  inoiz baino gehiago:

-Eskertu behar dizuegu kale garbitzaileei, zabor biltzaileei, egiten duzuen lana.

-Eskertu behar dizuegu, eskoletako garbitzaileei, egiten duzuen lana.

-Eskertu behar dizuegu, janari dendetako langileei, egiten duzuen lana.

-Eskertu behar dizuegu, etxez etxeko laguntzako langileei, egiten duzuen lana.

Zerrenda luzea da eta, oro har, bilbotar guztiak, Euskal Herri osoa egiten ari den
ariketa kolektiboa da ikusgarria.
 

Deustuko auzokideak saretuta ikustea, elkarri laguntzeko, horrek ematen du bizipoza.

Iralan edo Indautxun; Abusun eta Santutxun; Otxarkoagan edo zazpikaletan. Eskilara bereko herritarren artean harremanak sendotzen direla ikusteak, horrek ematen du bizipoza.

Lehen pisuko gazteak ezagutu du horrela laugarreneko gaixo hepatikoa. 

Animo beraz bilbotarrok. Elkarri lagunduz osatuko gara, herri gisa ere bai.

Besterik gabe, badakizue Bilboko Udaleko EH Bilduk zabalik dituela bere ateak eta leihoak, bere kanalak, herritarren proposamenak jaso eta mahai gainean jarteko.

Hori egiten ari gara, eta hori egiten jarraitu nahi dugu, zuen laguntzarekin.  Zuen proposamen irudimentsuak beharko ditugu,
herritar guztien aldeko babes neurriak martxan jartzeko, orain eta gero.   

Azkenik, gure txapeo partikularrak zuongana garamatza eta horregatik elkartasun besarkada Bilbotik euskal presoei eta senideei.

Indarberritu eta udaberri berria eraikiko dugu.

Aste labur on!      

Jone Goirizelaia,  EH Bildu Bilbo udal taldearen bozeramalea

Asier Gonzalez, EH Bilduko zinegotzia

Bruno Zubizarreta, EH Bilduko zinegotzia

Alba Fatuarte, EH Bilduko zinegotzia

 

 

EH Bildu Bilbo udal taldea erantzukizunez lanean ari da Koronabirusaren krisiaren ondorioz sortutako egoerari aurre egiteko

| 2020-03-19 11:43:00

Koronabirusaren krisiaren aurrean, EH Bildu Bilbo udal taldeak egoerari erantzukizunez aurre egiteko konpromisoa adierazi du hasieratik, elkarlanean udal gobernuarekin arituz eta auzolanean, egoeraren larritasunari aurre egiteko borondatea erakusten ari diren guztiekin. “Udal taldetik behin behineko neurriak proposatzeaz gain, bilbotarrek helarazi dizkiguten ekarpenak mahai gaineratzen ari gara, guztion artean krisi honen ondorioei aurre egiteko”, adierazi du EH Bildu Bilbok. 

Ildo horretan, hainbat izan dira EH Bildu udal taldeak proposatutako neurriak, beti ere bizitza eta zaintza arloa erdigunean jarriz. Hortaz, Bilboko Udalaren lehentasuna egoera ahulenean dauden pertsonak babestea izan behar da: pertsona nagusiak, haurrak, indarkeria matxista jasaten duten emakumeak edota etxerik gabeko pertsonak. Egoera honetan Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuak duen garrantzia kontuan hartuta, jarraipen zehatza egitea eskatu du EH Bilduk, segurtasun neurri guztiak bermatze aldera, langile zein erabiltzaileen osasuna babesteko. 

Azkenik, krisi honen ondorio sozioekonomikoak denbora luzekoak izango direla aurreikusita, ekonomikoki kaltetuak izango direnei, eta bereziki krisiaren aurretik zaurgarritasun egoeran zeuden pertsonei zuzendutako neurriak mahai gaineratzen ari da Bilboko EH Bildu. “Elkarlana eta auzolana sustatzea, ekarpenak egitea eta adostasunetara heltzea berebizikoa da, guztion artean Koronabirusaren eraginez bizi dugun ezohiko egoerari buelta emateko”, azpimarratu du udal taldeak. 

Horrez gain, Bilboko EH Bildu taldeak herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkie, ezarritako neurriak betetzeagatik, eta egoera zaurgarrian daudenei laguntzeko prestutasuna agertzeagatik. “Eredua zarete, guztion konpromisoari esker, egoera honetatik indartuta aterako gara”, azpimarratu du EH Bildu Bilbok. 

Azkenez, bilbotarrek euren ekarpen, iritzi edota galderak proposatubilbo@ehbildu.eus helbide elektronikoaren bidez EH Bildu udal taldeari helarazi ahal dizkietela gogoratu du. “Guztion ekarpenak dira garrantzitsuak”.

EH Bilduk Bilboko taxien sektore publikoa babesteko mozioa aurkeztu du

“Bilboko Udalak eraginkortasunez jardun behar du gidaria duten ibilgailuek (VTC) legea betearazteko, eta ez tramite hutsezko neurriekin”

| 2020-03-10 15:06:00

EH Bildu Bilboko udal taldeak atzo, martxoaren 9an, mozio bat aurkeztu zuen “neurri eraginkorrak” eskatzeko Bilboko taxiaren sektore publikoa babesteko asmoz. Izan ere, Uber Bilbora heldu da eta “lan prekarioa eta zergak ordaintzea saihesteagatik ezaguna da”.

Bruno Zubizarreta zinegotziak azaldu duenez, mozio honen bidez, Bilboko udaltzainek formakuntza berezia jaso dezatela eskatu du EH Bilduk. Besteak beste, lur-garraioaren ordenamenduaren Araudia (ROTT), Bidaiariak kotxez bidaiatzeko Bilboko hiri barruko garraioaren ordenantza eta gidaria duten ibilgailuen zerbitzuekin zerikusia duten beste araudi batzuk (VTC) jorratzeko.

Era berean, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du Bilboko Udaltzaingoak VTC ibilgailuen gaineko kontrola areagotzea. Batetik, VTC alokairuaren zerbitzua eskaini baino lehen kontratua bete dutela eta kontratu horren egiaztagiria ibilgailuan daramatela ziurtatuz eta; bestetik, VTC alokairuen baimenetara atxikitutako ibilgailuek, inolaz ere, bide publikoetatik bezero bila ibiltzea, edota aldez aurretik zerbitzua kontratatu ez duten bidaiaririk hartzea eragotziz.

Zubizarretak adierazi duenez, “Udalak baditu beharrezko baliabideak legea betetzeko gidaria duten ibilgailuen zerbitzuaren (VTC) kasuan”. “Gaur egun, Bizkaian 20 VTC unitate daudela zenbatzen da, batez ere Bilbo handian. Horregatik, Bilboko Udalak eraginkortasunez jardun behar du gidaria duten ibilgailuek (VTC) legea betearazteko, eta ez tramite hutsezko neurriekin”, azpimarratu du.

Santutxuko hezkuntza publikoa, Bilbobusen irisgarritasuna, emakumeak, aireportua, AP-68ko bidesaria eta Bilboko Portuan armak trafikatzeari ezezkoa, EH Bildu Bilboren mozioen gaiak

| 2020-02-21 13:38:00

Ostegunean, otsailaren 27an, Bilboko Udalean Osoko Bilkura izango dugu eta horrela, gaurko prentsaurrekoan, EH Bildu Bilbo taldeak aurkeztutako zazpi mozioen berri ematera gatoz. Gure gaiak honako hauek dira: Santutxuko auzoan hezkuntza publikoa, Bilbobuseko geltokien irisgarritasuna, AP-68ko erabiltzaile bizkaitarrei hobariak ezartzea, feminizidio eta eraso matxistak gertatzen direnean larrialdizko batzordeak eratzea, udal politikaren erdigunean benetako berdintasuna martxan jartzeko neurriak, Bilboko Portua armen trafikorako ez erabiltzea eta Loiuko aireportuko langileek Eurokopan gauez ez irekitzeko hartu duten erabakia errespetatzea.

Mozio horiek guztiak egun Bilbon eta Euskal Herrian dauden hainbat aldarrikapen,  beharrizan eta kezkei erantzuna emateko helburuarekin aurkeztu ditugu eta horregatik espero dugu adostasunetara heltzea.

Larreagaburu

Mozioetako batean Mina del Morro hezkuntza zentroa era progresiboan ixteko hartutako erabakia jorratzen dugu; izan ere, gai horrek egoneza sortu du Santutxuko hezkuntza komunitatean eta bizilagunen artean baita ere. Horregatik, Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzari honakoa eskatzea proposatzen dugu: Bilboko 4. Barrutiko eskola publikoak berrantolatzeko xedatu duen dekretua, behintzat ikasturte batez, geldiaraz dezala eta ikerketa eta elkarrizketa prozesu bat martxan jarri dezala, heziketari lotutako agente guztien parte hartzea bermatuz, etorkizunerako 4. Barruti guztirako hezkuntza publikoaren markoa adosteko.

Boluetako Santa Anako etxalde berriaren proiektua berraztertu dezala ere proposatzen dugu eta bertan aurreikusten diren 1.000 etxebizitzek zelan eragingo dioten etorkizuneko eskola errealitateari eta osasungintzari ere bai, sortuko diren premia ekipamentalak kontuan hartuta eta inolako udal plangintzan ez direla aurreikusten kontuan hartuta.

Bestalde, bermatzeko dago Bilbobuseko geltokien irisgarritasuna; izan ere, oraindik geraleku batzuetan seinale, kontenedore, lorontzi eta beste hainbat elementu daude eta beste batzuetan ez daude jesarlekurik edo espaloiaren altuera ere ez da egokia. Horrek, zuzenean, mugikortasun urria duten eta gurpildun aulkiak erabiltzen dutenei eragozpenak eta irisgarritasun arazo larriak sortzen dizkie; horregatik, udal gobernuari Bilbobuseko geltokietan dauden irisgarritasun arazoak konpontzeko eskatzen diogu.

Beste mozio batean Bilboko Udalak Bizkaiko Aldundiari AP-68a erabiltzen duten bizkaitarrentzat hobariak ezartzea eskatzeko proposatzen dugu; izan ere, hori foru errepidea da 2019ko abendutik. AP-68ko Bizkaiko zatia 50.000 ibilgailutik gora erabiltzen dute eta horrek Bilborekin lotura zuzena du. Erabiltzaile horiek ez dute hobaririk eta hori diskriminazio argia da, gure ustez, diskriminazio horrekin bukatzeko garaia da.

Emakumeak

Gure proposamenen erdigunean emakumeak jarri nahi izan ditugu. Ildo horretan, Elkarrekin Podemosekin batera Bilbon krisi batzorde bat sortzea eskatzen dugu, eraso matxista edo feminizidio bat gertatzen denean erantzuna emateko. Krisi Batzorde’ hori Bilbon eraso matxista edo feminizidio bat gertatzen den bakoitzean urgentziaz batzartuko litzateke eta horren zereginak izango lirateke, besteak beste, egoera baloratzeko eta erantzuna emateko biktimaren edota bere zuzeneko familiarren ardura hartzea, biktima edota bere zuzeneko senitartekoen beharrizanei egokitutako lanen banaketa eginez.

Horrez gain, beste mozio bat aurkeztu dugu berdintasun eraginkorra udal politiken erdigune izateko neurriak proposatuz. Horrela, besteak beste, genero ikuspegi batetik udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea eta errealitate hori hobetzeko neurriak martxan jartzea proposatzen dugu eta kolektibo feministek jarduera guztietan, diseinutik ebaluazioraino, parte hartzea, euren iritzia kontuan hartuz. Bilboko Udalak martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, antolatuko diren ekimen guztiak egitea ahalbideratzea eta erraztea eskatzen dugu ere bai.  

Armen trafikoa eta aireportua

Bestalde, joan den otsailaren 9an Bilboko Portuan Saudi Arabiako Bahrí Yanbu itsasontzia porturatu zen, Yemengo gerrara bideratutako material militarra garraiatzeagatik ‘Heriotzaren zamaontzia’ ezizenez ezaguna dena. AIk salatu duenez, Yemengo gerra 2015ean hasi zenetik, zamaontzi horrek 330 miloi euroren balioa duen material militarra garraiatu du eta Nazio Batuen Erakundearen kalkuluen arabera Yemenen 200.000  pertsonatik gora erail dituzte.

Horregatik guztiagatik, gertaera horien konplize ezin gaitezkela bihurtu uste dugu eta horretarako beharrezkoa da Bilboko Portuak armak garraiatzen dituzten itsasontzien porturatzea debekatzea. Gainera, Bilboko Udala, Portuko Agintaritzako administrazio kontseiluko kide den heinean, Bilboko Portuak ‘Heriotzaren zamaontziak’ hartzearen kontra argi eta garbi azaldu behar da eta hori da mozioan proposatzen duguna.

Azkenik, gure zazpigarren mozioan Eurokopa eta Bilboko aireportuaren jarduerari buruzkoa da. Ildo horretan, Bilboko Udalak Txorierriko bizilagunek duten atsedenerako eskubidea defendatzeko eskatzen dugu, eta eskubide hori Loiuko aireportua gauez erabiltzearekin bateraezina dela.

Hortaz, honakoa proposatzen dugu: Bilboko Udalak AENAko zuzendaritzari eskatzea langileen erabakia errespeta dezala, izan ere, langileek bozketa bidez erabaki dute Eurokopa 2020ko partiduak direla eta gauez lanik ez egitea eta horrela adierazi du komiteak. Era berean, Bilboko Udalari eskatzen diogu UEFAri helarazteko Foronda eta Loiko aireportuen konbinazioek zerbitzuaren edozein beharrizan asetzen dituztela.