EH Bilduk alegazioak aurkeztu dizkio Oiongo Udalak Labrazan parke eoliko bat jartzeko prestatu duen Plan Bereziari. Aixeindarrek bultzatuta, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, zortzi haize-sorgailu jarriko dira paisaia-balio handiko eremu batean. Horrela jasotzen da alegazio horietan. Izan ere Labraza Araban hobekien kontserbatutako hiribilduetako bat da eta 2008an jada Hiri Harresituen Munduko Saria lortu zuen.
Gainera, Errioxako eta Arabako Errioxako ardoaren eta mahastiaren kultura-paisaiak UNESCOren Gizateriaren Ondare izatea lortu nahi du. Jose Manuel Villanueva EH Bilduk Oionen duen bozeramaileak gogorarazi duenez, mahastiarekin, olibondoekin, zerealarekin eta ardoaren eta olioaren kulturarekin lotutako paisaia paregabea da, mendeetan zehar aldaketa gutxirekin iraun duen paisaia eta kultura. Gainera, gogorarazi du eskualde honetako ondare historiko eta arkeologikoa bikaina dela, eta zortzi aerosorgailu handi horiek Labrazako hiribildutik gertu jartzeak paisaiari eragingo diola ezinbestean.
Bestalde, parke eoliko hori ezartzeak Inaziotar Bideko zati bati eta Dueñas pinudiko paisaia katalogatuari argi eta garbi eragiten diela adierazi du. Pinudi hori da EAEko pinu mediterraneoko edo karraskako baso natural eta autoktono bakarra Iberiar penintsulako ipar-mendebaldekoena. Parkea Dueñas pinudiaren iparraldean dago, eta eremu horretan baso-berritzeko plan bat egiten ari ziren Villanuevak adierazi duenez. Nabarmentzekoa da, halaber, kontserbazio eta babes bereziko eremuetatik gertu dagoela, eta hiri-antolamenduko planak berak jasotzen duela babes bereziko eremua dela.
Gainera, EH Bilduk berretsi du ez dagoela energia berriztagarria hedatzeko plangintzarik. Ildo horretan, gogorarazi du Energia Berriztagarriaren Plan Sektoriala ez dagoela onartuta. Bestalde, Arabako Errioxako Lurralde Plan Partzialean duela urtebete baino gehiago argitaratu behar zen, baina oraindik ez dakigu zer xehetasun dituen horrelako azpiegituren ikusmen- eta paisaia-inpaktua txikia izatea bilatu behar duen plan horrek.