AKTUALITATEA


| 2024-04-15 15:10:00

EH Bilduk Dulantzin egin du gaur Arabako kanpainako ekitaldi nagusia, Mikel Otero eta Eva Lopez de Arroyabe zerrendakideen parte hartzearekin.

Mikel Oterok aldaketaren berehalakotasuna izan du hizpide, Dulantziko Martxoak 8 plazan egindako ekitaldian: «Aldaketa badator, eta inkestak erakusten ari dira. Baina gu kaleko sentsazioez gehiago fidatzen gara eta horiek ere onak dira».

Ildo horretan, kanpainaren atzealdean lanean ari diren EH Bilduko kideak izan ditu gogoan, eta azken ahalegina eskatu die apirilaren 21eko gaua magikoa izateko. «Inkestek sekulako emaitzak ematen dizkigute baina azken txanpa honetan lanean jarraitu behar dugu orain arte bezala, heriz herri, auzoz auzo. Oraindik baditugu egun batzuk aurretik apirilaren 21eko gaua magikoa izan dadin. Aurrera Dulantzi! Aurrera Lautada!», esan du Oterok bere hitzartzean.

Horrez gain nabarmendu du «beldurra eta gezurrak zabaltzen dituzte txipiroi

tinta gisa, euren erabakien ondorio negargarriei buruz hitz egin ez dadin» .

 

Gazte problematika

Gasteizen, Julu El Outmani eta Oier Inurrieta zerrendakideek solasaldia egin dute Judimendiko Sefarad plazan. Bertan, Julu El Outmanik egin du gazteriaren egoeraren diagnostikoa: «Egungo politika neoliberalek eta betiko errezetek gazteok orain eta etorkizun prekariora kondenatzen gaituzte. Hori ikusten ari gara ere etxebizitza eskuratzerakoan, non aipatutako egoera larri hau nabariagoa den. Azken hamarkadan politika publikoetan eman den utzikeriaren ondorioz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan agerikoa da  etxebizitza eskubidearen garapen eza edo gazteen emantzipazioaren datu bereziki kaskarrak direla».

«EH Bildutik apustu garbia egiten dugu: Euskal Herriko gazteon nahi eta beharrak erdigunean izanik, orain eta etorkizun duin bat bermatzeko beharrezkoak diren politika publikoak proposatu eta martxan jarri behar dira iraunkorki. Gazteon begirada modu integralean txertatuko dugu erabaki publikoak hartu eta politikak gauzatzeko unean, gazteon erabakitzeko gaitasuna handituz. Orain eta etorkizun duin baten aldeko borroka izango da gure jarduna», amaitu du El Outmanik.