AKTUALITATEA


| 2019-11-02 11:54:00

Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduren Arabako zerrendaburuak agerraldia egin du gaur goizean Murgian (Zuia, Araba), eta Euskal Herria Bilduk Araban bozkatzeak duen balio bikoitza goraipatu du bertan, "min ematen dien botoa ez ezik, boto baliagarria ere bada eskuin hirukoitza ordezkaritzarik gabe uzteko Araban".

Ruiz de Pinedoren esanetan, boto baliagarri bakarra boto subiranista da, "Boto errepublikano eta subiranista da orainean eta etorkizunean demokrazia, berdintasuna, askatasuna eta eskubide guztien betetzea berma dezakeen bakarra, iraganeko garaietara itzularazi nahi gaituztenen aurrean".

Eh Bilduk indarrak batzearen alde agertu da eta, horrez gain, beste urrats bat eman nahi du alderdiaren helburu politikoak lortze aldera, hala nola, "erabakitzeko eskubidearen alde, politika sozialean alde… hitz bakar batean, letra larriz idatzitako demokraziaren alde", adierazi du Arabako hautagaiak.

Belen Arrondo, Arabako zerrendetako kidea dena ere, hautagaiarekin batera izan da gaur goizean, eta indarrak batzearen alde egin du, Euskal Herriaren eskubideen defentsarako berme gisa "askatasuna eta demokrazia aldarrikatzera etorri gara. Hitz biribilak dira baina hori da jokoan dagoena datorren azaroaren 10ean. Egungo Estatuak ez gaitu ulertzen eta, batez ere, ez gaitu errespetatzen. Horregatik ozen esan behar dugu inposizio eta bidegabekerien aurrean gure herriak eta gure herritarrak defendatu nahi ditugula. Eta horretarako gehiago izan behar dugu, indarrak batu behar ditugu ".

Ruiz de Pinedoren ziurtatu du, "herri hau martxan dago, konprometituta dago, baloreak eta borroka ditu". Herri gisa, bidegabekeriei erantzuteko hamaika alditan kalera irten izan dela defendatu du, duela egun gutxi procés-aren epaiaren aurka, edo Altsasuko epaiaren aurka, preso eta iheslariak etxera ekartzeko eta gaixo dauden presoak aske uzteko aldarrikatzeko ere.

Azken kasu horretan, Ruiz de Pinedok gogoan izan du, Jose Angel Otsoa de Eribe espetxe-politika kriminalaren ondorioz hil berri den kidea, "mendekuan oinarritutako espetxe-politika kriminalak bizitza berri bat eraman du. Urteak dira Jose Angelek kartzela atzean utzi behar zuela, baina duela hilabete gutxi batzuk bakarrik onartu zuten aske uztea. Jose Angelena izan dadila mendeku politika honek eragindako azken heriotza!". Arabako hautagaiak iragarri du Sarek deitutako manifestaziora joango dela arratsaldean, eta gonbitea luzatu die bertaratutakoei. Ondoren, Kanpezun egingo den hauteskunde ekitaldian parte hartuko du hautagaiak.