AKTUALITATEA


| 2022-10-11 09:35:00

Asko dira azken urte hauetan Goiainen eta Urrunagan sortu diren kexak bertan kokatuta dauden hainbat enpresek eragiten dituzten  arazoengatik. Izan ere, potentzialki kutsakorrak diren IPPC enpresen Euskal Autonomia Erkidegoko kontzentraziorik handienetakoa kokatzen da Legution, 10 bat enpresarekin. Bertako herritarrek eta langileek salatu dutenez zarata sortzeaz gain partikulen isuriak eta isuri likidoak errepikatzen dira. Batzuk zein besteek arazo bat dagoela aitortu dute eta soluzio bat bilatzeko asmoarekin, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio eragile anitzeko lan-mahai baten eraketa bultzatzea.

Horrela dago jasota Eusko Legebiltzarrean Mikel Oterok aurkeztu duen legez besteko proposamenean. “Azken urteetan arazoen inguruko kezka eta kexak handituz joan dira, bai udaletxera bideratuak, bai Jaurlaritzara bideratuak”, gogoratu du Oterok. Kexei jarraiki, bai Legutioko udaletik, bai Jaurlaritzako Ingurumen sailetik, hainbat inspekzio eta neurketa abiatu dira, eta oraindaino egindako azterketetan ez da atzeman legez kanpoko egoerarik. “Alabaina, aipaturiko enpresek eragiten dituzten kalteak nabarmenak izaten jarraitzen dute gertuko biztanle eta langileengan, eta agerikoa da oraindainoko Ingurumen Baimen Bateratuetan enpresa hauei eskatu zaienez gain, neurriak hartu beharko liratekeela inguruko biztanle zein langileen bizi kalitatea hobetzeko” gaineratu du.