AKTUALITATEA


| 2024-03-27 08:12:00

Besteak beste, Lezako ospitalea eskualde mailako zentroa bihurtzea  proposatu dute, arreta soziosanitarioko zerbitzu hori eman ahal izateko eta pazientearen segurtasuna uneoro bermatzeko

Araba. 2024-02-07 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak eskatu du etxeko ospitaleratze zerbitzua Arabako lurralde osoan hedatzea. Mozioaren helburua da pazientearen segurtasuna bermatzea eta, horretarako, Lezako ospitalea eskualde mailako ospitalea izatea ere eskatu dute, halako zerbitzuak eman ahal izateko.

EH Bilduk adierazi duenez, «etxeko ospitalizazio zerbitzua aukera bat izan daiteke paziente eta egoera kliniko jakin batzuetarako, ospitaleratzea saihesteko edota egonaldia laburtzeko». «Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren informazioaren arabera, Araban bakarrik daude Etxeko Ospitalizazio Zerbitzutik kanpo dauden udalerriak; izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan, zerbitzu horrek lurralde osoko pazienteak artatzen ditu», gehitu dute EH Bildutik.

«Arabako landa-ingurunean bizi diren pertsonen diskriminazio nabarmenaren aurrean gaude, beraz. EH Bilduren iritziz, horrek ez du lekurik despopulazioaren aurkako diskurtso orokor batean, eta Arabako landa-inguruneko zerbitzuak sendotzeko eta hobetzeko politiken kontrako norabidean doa».

Pazienteen segurtasuna

Zehazki, etxeko ospitaleratze-zerbitzutik kanpo daude Izarra (Urkabustaiz), Añana eta Mendialdeko udalerriak. Gainera, Arabako Errioxako ESIko udalerrietan, Logroñoko Ospitaletik eskaintzen da zerbitzu hori, eta soilik Onkologia Zerbitzuan arreta jaso duten zainketa aringarrietako pazienteei zuzenduta.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari eskatu dio etxeko ospitaleratze zerbitzua Arabako udalerri guztietara zabaltzea, pazientearen segurtasuna bermatuz eta behar diren baliabide guztiak ipiniz horretarako. Gainera, Lezako ospitalea eskualdeko ospitalea izateko behar besteko baliabideak ematea ere eskatuko diote Jaurlaritzari, etxeko ospitaleratze eta bestelako arreta soziosanitarioko zerbitzuak eman ahal izateko.