AKTUALITATEA


| 2022-10-10 11:38:00

Araba. 2022-10-10 | EH Bildu batzarkide taldeak mozio bat aurkeztu du Foru Aldundiari lehen sektorearekin elkarlanean aritzeko eskatuz, produktuak dibertsifikatu eta lurraldean bertan salerosketa bultzatzeko.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzarkideak adierazi duenez, azken hilabeteetan «agerian geratu da lehengaien hornidurarik eza, batez ere nekazaritzari lotutakoak, hala nola zereala eta lurreko beste produktu batzuk». Hornikuntza falta horren arrazoien artean, krisi klimatikoa eta Ukrainako gerra aipatu ditu. Gertakari horiek agerian utzi dute «beste herrialde batzuekiko dugun mendekotasuna nekazaritzako elikagaien arloan, kontsumitzen dugunaren % 90 baino gehiago inportatzen baitugu», Lopez de Arroyaberen arabera.

Horren aurrean, EH Bilduk lau puntuko mozio bat erregistratu du, non Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dien plan pilotu bat martxan jar dezatela nekazaritzako elikagaien eraldaketarako zentroak ezartzeko, zerealak eraldatzeko eta lurraldeko lehengaiei balio erantsia emateko.

Dibertsifikazioa eta kontsumoa

Era berean, Aldundiari sektorearekin lankidetzan aritzeko eskatu diote, ekoizpenak dibertsifikatzeko eta sektorearen baldintzak hobetzeko neurriak diseinatzeko. Lopez de Arroyabek ezinbestekotzat jo du laguntzak eta inbertsioak egungo egoera ekonomikora egokitzea, sektorearen erresilientzia handitzeko, etorkizuneko aldaketa sozioekonomiko eta klimatikoen aurrean.

Azkenik, nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorearen artean animalien elikadurarako salerosketa-akordioak bultzatzea eskatu dute, lehengaien hornidura bidezko prezioetan bermatuz.

EH Bilduko prokuradoreak adierazi duenez, «hornidurarik eza saihesteko modu bat da, baina baita lehen sektorerako lan-baldintza duinak eta erosketa-saskiko tokiko elikagaien prezio justuak bermatzeko bidea ere». «Araba nagusiki nekazaritzan aritzen den lurraldea izanik, ez dugu ulertzen nola izan dezakegun halako menpekotasuna hirugarren herrialdeekiko», amaitu du Lopez de Arroyabek.